Bela
Iker Martinez eta Xabi Fernandez ez dira sailkapen orokorrean mugitu
Erredakzioa
Euskal kirolariak hirugarrenak eta hamabosgarrenak izan dira gaurko bi probetan, eta hamaikagarren jarraitzen dute sailkapen orokorrean.
Iker Martinez eta Xabi Fernandez oso ondo aritu dira eguneko lehenengo proban, baina ez dira ondo ibili bigarrenean. Londresko Olinpiar Jokoetako 49er modalitateko zazpigarren lasterketan, Iker eta Xabiren ontzia ondo atera da eta hirugarrena izan da. Zortzigarrenean, aldiz, euskal herritarrek hamabosgarren postua baino ez dute lortu.
Gauzak horrela, Iker eta Xabi ez dira sailkapen orokorrean mugitu eta hamaikagarren jarraitzen dute, 63 punturekin. Zazpi proba falta direnean, euskal herritarrak lehenengo hamarren artean sartu behar dira dominak lortzeko lasterketara sailkatzeko.
Nathan Outtridge eta Iain Jense australiarrak sailkapen orokorreko liderrak dira, 24 punturekin. Bigarrenak Steve Morrison eta Rhodes Ben dira (35 puntu), eta hirugarrenak, Peter Burling eta Blair Tuke (41 puntu).