Pistako txirrindularitza
Sir Chris Hoyk urrezko domina irabazi du; Peralta hamargarrena izan da
Erredakzioa
Nafarrak ez du diploma irabazi, eta eskoziarra urrezko dominarik gehien dituen britainiarra bilakatu da.
Juan Peralta hamargarren bukatu du pistako txirrindularitzaren keirin modalitatean, 7-12. postren proban laugarrena izanda, eta ez du Olinpiar Jokoetako debutan diploma lortzeko ametsa bete. Christos Volikakis greziarrak, Michael Bourgain frantziarrak eta Nijsane Phillip trinitatearrak nafarraren aurretik bukatu dute.
Chris Hoy eskoziarrak modalitate honetako urrezko domina irabazi du. Horrela, domina gehien dituen britainiarra bilakatu da, Bradley Wiggins Frantziako Tourraren eta erlojupeko urrezko dominaren irabazlearekin batera. Gainera, eskoziarra urrezko domina olinpiko gehien dituen Erresuma Batuko kirolaria da.
Maximilan Levy alemaniarrak britainiarra estutu du eta, azkenean, zilarrezko domina irabazi du. Simon van Velthooven zeelanda berritarra eta Teun Mulder herbeheretarra denbora berean heldu direla erabaki dute epaileek, eta biek irabazi dute brontzezko domina bana.
Chris Hoyk Erresuma Batuko txirrindularitzako taldeak etxeko Olinpiar Jokoetan izan duen ibilbide bikainari amaiera ezinhobea eman dio Stratfordeko belodromoan. Britainiarrek bederatzi domina irabazi dituzte: urrezko zazpi eta zillarezko eta brontzezko bana.