Zuzenean
Bidasoa Irun eta Bilbao Basketen Europako partidak, zuzenean, EITB Median
EITB MEDIA
Bidasoa Irunek Errumaniako Potaissa Turdari egingo dio bisita EHF Europa Ligan; beltzezko gizonek, ordea, Greziako Peristeri hartuko dute etxean. Bi neurketak, EITB Median ikusgai.
Bilbao Basket, Europa Kopan
EITB Mediak zuzenean emango ditu Bidasoa Irun eta Bilbao Basket taldeen Europako estreinaldiak. Bidasoa Irunek Errumaniako Potaissa Turdaren aurka jokatuko du, 18:45ean, Europa Ligako lehen partida. Hasiera batean, hori da irundarrei egokitu zaien taldeko areriorik ahulena. Flensburg egungo txapelduna ere talde horretan dago.
Konfiantzaz ekingo diote erronkari Bidasoa Irungo jokalariek, Asobal Ligan orain arte ez dutelako neurketarik galdu. Halaber, ACB Bragari ere bi aldiz irabazi diote multzoen fasean.
Surne Bilbao Basket, bestetik, iaz irabazitako FIBA Europa Kopari eusteko nahiaz abiatuko da, astearte honetan, Greziako Peristeri BCren aurrean, Bilbao Arenan, 20:00etan hasita.
Txapelketaren bigarren faserako txartela eskuratzeko bi hautagai nagusien arteko lehia izango da, Georgiako BC Kutaisi 2010ek eta Txekiako PUMPA Basket Brnok osatzen duten E Taldean.
Bi hitzorduak ikusgai egongo dira: ETB4n, telebistaz, eta eitb.eus-en, streamingez.