Bat Formula
Schumacher 'apur bat' hobeto dago, beste ebakuntza bat egin ostean
Erredakzioa
Bat Formulako pilotu ohiari bigarren ebakuntza egin diote bart, eta 'apur bat' egin du hobera, Grenobleko ospitaleko medikuek gaur kazetariei esan dietenez.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Michael Schumacher Bat Formulako txapeldun ohiari bigarren ebakuntza egin diote bart, eta "apur bat" hobeto dago, Grenobleko ospitaleko doktoreek kazetariei esan dietenez. Igandetik dago pilotu alemaniarra ospitale horretan, egoera kritikoan.
"Atzo baino kontrolatuagoa dugu egoera", esan du Jean-François Payen doktoreak prentsaurrekoan. Schumacherri koma eragin diote medikuek eta hipotermia egoeran dute, hil edo biziko egoeran, hilaren 29an Frantziako Alpeetan eskiatzen ari zela istripua izan eta gero.
Azken ebakuntzan hematoma bat kendu diote Schumacherri, eta burmuineko presioa jaisteko gailu bat jarri diote. Goizean beste eskaner bat egin ondoren, Alemaniako gidaria "kontrolatuago" dagoela baieztatu dute medikuek. Hala ere, oraindik "hemorragia ugari" ditu.
"Hurrengo orduak erabakigarriak izango dira", azaldu dute Grenobleko ospitaleko medikuek. Schumacher koman dago, oraindik, eta bere egoera "kritikoa" eta "ahula" da. "Bere bilakaeran denbora irabazi dugu, baina oraindik bide luzea gelditzen da", esan dute medikuek.