Itxi

Brasilgo Munduko Txapelketa

Rio de Janeiron atzerriko 400.000 turista baino gehiago espero dituzte

Erredakzioa

Hotelak % 98 betetzea eta turistek hirian 330 milioi euro uztea espero dute.

Futbolzale asko bilduko dira Brasilen. Argazkia: EITBren artxiboa.

Munduko Futbol Txapelketa dela eta, ekainaren 12a eta uztailaren 13a bitartean Rio de Janeiron atzerriko 400.000 turista eta bertako 450.000 turista baino gehiago hartzea espero dute. Turista gehien hartuko dituen hiria izango da, sartu-irtenerako atea izango baita "hiri miragarria" askorentzat.

Hotelen okupazioa % 98ra heltzea, eta turistek hirian bilioi bat brasildar real, 448 milioi dolar (330 milioi euro), uztea espero dute, Udaleko bozeramaileek prentsaurreko batean jakitera eman dutenez.

Bisitari horiek guztiak hartu ahal izateko, azpiegitura turistiko osoa indartu dute: informazioa emateko 14 bulego finko izateaz gain, beste 17 jarriko dituzte hondartzetan, leku turistikoetan, metroko geltokietan eta aireportuan. Halaber, 150 mugikortasun agente elebidun eta 1.500 boluntario egongo dira.

"Kostata bada ere, eguraldiak hobera egin du azkenean, eta hirian nabaritzen hasi da", esan du Antonio Pedro Figueira de Mello Rio de Janeiroko Turismo arduradunak. Bi milioi mapa turistiko inprimatu eta, turistekiko komunikazioa errazteko, taxilarien artean 40.000 inprimaki banatu dituztela gaineratu du.

Maracanã estadioa

Munduko Txapelketan turistek nahitaez bisitatu behar duten tokirik badago: Maracanã futbol estadioa. Udaleko mugikortasun arduradunak lan handia egiten ari dira bertan jokatuko diren zazpi partidak, uztailaren 13ko finala tartean, ikustera joateko arazorik egon ez dadin.

Kaleetan ibilgailuen kopurua murriztu eta joan-etorriak errazteko asmoz, jaiegun izendatu dute uztailaren 4a, eta ekainaren 15ean eta 18an eguerdira arte bakarrik egingo dute lan. Nolanahi ere, estadiotik gertu bizi direnek nabarituko dute gehien dispositibo berezi hori, besteak beste, baimen berezi bat izan beharko baitute etxera autoz iristeko.

Halaber, partida egunetan zirkulaziorako erabat itxita egongo da estadioaren inguruko lau kilometroko eremua, eta guztira 60 autobus-linea desbideratuko dituzte. Ibilgailu pribaturik ezingo da eremu horretan sartu, ezta horretarako bereziki jarritako furgoneta berezi eta autobus txikietan ere.

"Oso zorrotzak izango gara horrekin. Ibilgailu horiek gelditu egingo dituzte. Ez dugu inor ibilgailu pribatuetan bertaratzerik nahi, eta argi izan behar da ez dela estadiora autoz iristeko modurik izango", esan du Alexandre Sansão Rio de Janeiroko Garraio arduradunak, garraio publikoa erabiltzeko eskatu aurretik.

Metroa izango da gehien erabiliko dena

Udalak egindako aurreikuspenen arabera, zaleen % 80k metroa erabiliko dute, hiru geltoki baitaude estadiotik gertu: São Francisco Xavier, São Cristovão eta Maracanã. Sarrerak ez kolapsatzeko, eta aholkuei jarraituz gero, zaleek estadioan duten eserlekuaren arabera aukeratuko dute geltoki bat edo beste.

Maracanã estadiotik kilometro baten inguruan dauden taberna eta jatetxeek ezingo dute alkoholik saldu ez partida hasi aurreko bi orduetan ez partida bukatu osteko bi orduetan. Edari alkoholdunen bat eskuan dutela bertaratzen diren zaleei, berriz, zakarrontzira botatzeko eskatuko diete.

Estadioak ez ezik, FIFA Fan Fest esparruak ere zale asko bilduko ditu. Copacabana hondartzan prestatu duten eremu horretan, partidak pantaila handi batzuen bidez ikusi ahalko dira, eta musika emanaldiak, oroigarriak erosteko dendak, jateko lokalak eta ondo pasatzeko aukera ugari eskainiko dituzte bertan.

Guztira, 20.000 pertsona hartzeko lekua izango du, doan sartu ahalko da bertara eta egun osoan egongo da zabalik. Ez da espero zaleak hartzeko arazorik izatea, apurka-apurka heltzea aurreikusi baitute, baina partidak bukatu ondoren hondartza horren ondoko etorbidea bi noranzkoetan ixteko asmoa dute. Beraz, inguru horretan ere autorik ez erabiltzeko aholkua eman dute.

Informazio gehiago (2)