Ekipazioen inguruko polemika
Hondartza eskubaloiko jokalariek ekipazioa hautatu ahal izango dute
Erredakzioa
Kirolariek nahi duten ekipazioa aukeratzeko eskubidea izango dute Espainiako txapelketetan. Kirol Batzorde Gorenaren arabera, nazioarteko araudia "sexista izan liteke".
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ana Muñoz Kirol Batzorde Goreneko (CSD) Kiroletako zuzendari nagusiak adierazi duenez, "emakumezkoen hondartza eskubaloiko jokalariek nahi duten ekipazioa aukeratu ahal izango dute Espainiako txapelketetan".
Espainiako Eskubaloi Federazioko presidente Francisco Blazquezekin bildu da Muñoz, hondartza eskubaloiko jokalarien janzkeraren inguruko nazioarteko araudia aztertzeko. CSDen arabera, "derrigortasuna sexista izan liteke".
Asteburuan Suancesen (Kantabria) izandako txapelketan, emakumezkoen 22 taldetik 21i Europako araudia betetzeko ohartarazi zien Espainiako Federazioak. Azken horren ustez, araudia bete ezean, ezin izango dute datorren urtean txapelketetan parte hartu. Legedi europarrak zehazten du emakumeek bikinian jokatu behar dutela hondartza eskubaloian.
2010ean Espainiar Federazioak onartutako Nazioarteko Eskubaloi Federazioaren joko arauek zehazten dutenez, emakumezkoen uniformeek "sabela agerian" utzi behar dute, eta beheko zatiak ezin du izan "alderik zabalenean 10 zentimetro baino gehiagokoa". Gizonezkoek, aldiz, praka zabalak jantzi ditzakete, eta belaunburutik behera hamar zentimetro luzekoak izan daitezke gehienez.
Miguel Cardenal CSDko presidentea ere bileran izan da, eta Espainiako txapelketetan, emakumezko jokalariek "aukera askatasuna" izango dutela esan du.