Itxi

Frantziako Tourra

Samuel Sanchez: 'Hutsegiteetatik ere ikasi egiten da'

Erredakzioa

Morzineko helmugan "berriz errepikatuko ez den aukera bat" galdu zuela adierazi zuen asturiarrak.

Samuel Sanchez Euskaltel Euskadiko ziklista espainiarrak&' || 'nbsp; azaldu du "hutsegiteetatik ikasi egiten dela" eta atzo, Morzineko helmugan, "berriz errepikatuko ez den aukera bat" galdu zuela, izan ere, esprinta "goizegi" abiatzeagatik etapa-garaipena Andy Schlecken eskuetan utzi baitzuen.

"Buruarekin baino, bihotzarekin jokatu nuen; halere, ez diot buelta askorik eman. Ez nuen lasaitasunez jokatu, bera baino azkarragoa naiz baina gehiegizko konfiantza izan nuen. Txirrindularitzan ez du azkarrenak irabazten, argienak baizik", esan du.

Errepideko probako txapeldun olinpikoak bere hutsegitea onartu eta "atsekabe handia" duela adierazi du. Halere, borrokan jarraituko duela eta "etapa-garaipen bat" lortzen saiatuko dela azaldu du; izan ere, berarentzat sailkapen nagusiak ez du "lehentasunik".

"Sailkapen nagusiko lehen postuetan daudenak euren artean ari dira liskarrean. Nik aurreko urteetan bezala prestatu dut Tourra, baino askoz erregularragoa izan nahi dut hiru asteetan zehar, izan ere, kontratua amaitu egiten zait eta, hortaz, Tour ona egin nahi dut", azaldu du.

Atzo Lance Armstrongi gertatu zitzaionaren inguruan, Sanchezek bat egin du Carlos Sastrek esandakoarekin eta, Avilako ziklistak bezala, berak ere Tourra aldatu egingo dela uste du. "Armstrongi gertatu zitzaiona lanaren nekeak dira, zorte txarra izan du. Zazpi urtetan gertatu ez zitzaion guztia gertatu zitzaion atzo, baina horrelakoa da txirrindularitza", azaldu du.

"Tourra ezberdina izango da, atzokoak lasterketa aldatuko du. Armstrong faboritoekin heldu izan balitz, Tourra bestelakoa izango litzateke, batez ere, bere taldearen sendotasuna kontuan hartuta", esan du Asturiaseko ziklistak.

Alberto Contadorri dagokionez, Samuelek honakoa esan du: "Nire ustez faborito nagusia izaten jarraitzen du, atzo baieztatu zen berak taldean konfiantza osoa duela eta taldeak ere berarengan uste osoa duela". "Astanak sekulako sendotasuna du eta lasterketa kontrolpean har lezake", amaitu du Sanchezek. Espainiak lortutako Munduko Futbol Txapelketari buruz zera azaldu du: "Bart merazi zuenak, onenak, irabazi zuen".

Informazio gehiago (2)