49. jardunalduia
Transantartika 2011: Helmugatik 800 kilometrora
BAT Basque Team
Alberto Iñurrategik, Juan Vallejok eta Mikel Zabalzak ibilbidearen hiru laurdenak gainditu dituzte Hego Poloa atzean utzi eta gero.
Espedizioaren 49.eguna. 2.576 kilometro eginda. Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalzarekin izandako azken hartu-emanean, atzo astelehenean, eguneko jarduna laburbildu zuten balantze positiboa eginez: zazpi orduko zeharkaldia 90 kilometro eginez, guzti hau baldintza eskasetan. Haizeak indar gutxi zeukan atzo- 15 edo 20 kilometro ordukoa- eta gainera ekialdeko norabidearekin, eta honek GPSak markatzen zuen ibilbidetik okertzera eraman zituen.
Dena dela, hiru mendizaleek animoari eusten diote ibilbidearen hiru laurdenak eginda eta gainera lur-eremuak hobera egin du nabarmen azkenaldian, sastrugien arrastorik aurkitu gabe. Hego Polotik atera zirenetik 550 metro galdu dituzte eta tenperaturan somatzen da hori, bajuena orain 20 gradu zero azpikoa da, orain aste batzuk jasandako -45 graduetatik urruti. Gaurko iragarpena ez da batere txarra aurreko egunetako prebisioarekin alderatuta, 20-25 kilometro orduko haize boladak espero baitituzte.
Hurrengo egunetarako nekea eta pilatutako esfortzua dira arazorik nagusiena. Antartikako muturreko hotza eta ia 50 egunez egindako lanak arrastoa utzi dute mendizaleen aurpegietan. Orain aste batzuk albiste pozgarria izan zitekeen 20 gradu zero azpiko tenperaturak izatea baina nahiz eta babeserako arropa egokiak eramaten dituzten, geroz eta zailagoa suertatzen ari zaie hotzari aurre egitea.
Elikadura ere hasi da buruhaustea izaten. Muturreko baldintzetan beharrezkoa da ia 5.000 kaloria hartzea eguneko, hiru otordutan banatuta, baina barratxoak, arrroza, pasta, gailetak eta aurretik prestatutako hidratoak egunak joan eta egunak etorri menu bezela izatea oso gogorra suertatzen ari zaie.