Itxi

Euskal federazioak

Hogei bat euskal federaziok eskatu dute nazioarteko erakundeetan sartzea

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Surfeko, pilotako, halterofiliako, futboleko eta igeriketako federazioen eskaerek ezezko erantzuna jaso dute, Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrean zehaztu duenez. Mendiko, padeleko, herri kiroletako eta boxeoko euskal federazioak nazioarteko federazioetan daude dagoeneko.

Hainbat kirolari, sokatirako txapelketa batean. Argazkia: EITB Media.

Hogei bat euskal kirol federaziok eskatu dute nazioarteko federazioetan sartzea edo nazioarteko federazioetan daude dagoeneko, eta lau kirol modalitatetako euskal selekzioek hartzen dute parte nazioarteko txapelketetan, Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrean emandako datuen arabera. Informazio hori ageri da, hain zuzen, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuari EH Bilduk Legebiltzarrean egindako galdera baten erantzunean.

Erantzun horretan, Zupiriak azaldu du mendiko, padeleko, herri kiroletako eta boxeoko euskal federazioak (azken hori, nazioarteko federazio baten testuinguruan) nazioarteko federazioetan daudela dagoeneko.

Halaber, sailburuak zehaztuta du eskrimako, automobilismoko, squasheko, surf kayakeko, mahai teniseko eta xakeko federazioek, bai eta surfeko, pilotako, halterofiliako, futboleko eta igeriketako federazioek ere, eskatuta dutela nazioarteko federazioetan sartzea. Zupiriak adierazi duenez, surfeko, pilotako, halterofiliako, futboleko eta igeriketako federazioek ezezko erantzuna jaso dute.

Gainera, belar hockeyko, patinajeko eta eskubaloiko federazioek onartu egin dute, batzarrean, nazioarteko erakundeetan sartzeko bideari ekitea, baina oraindik ez dute eskaera aurkeztu. Txirrindularitzako eta arrauneko federazioek prozesua hasi dute, baina oraindik ez dute hori berresteko batzarrik deitu.

Bestalde, sailburuak gogora ekarri du mendiko, padeleko, herri kiroletako (sokatira) eta surf kayakeko euskal selekzioak nazioarte mailako txapelketa ofizialetan lehiatzen direla.

Albisteak (1)