Paris 2024
Horrelakoa izan da euskal kirolarien jardunaldia uztailaren 28an, igandea
Agentziak | EITB MEDIA
Euskal kirolariek igande honetan, uztailak 28, Parisko 2024ko Olinpiar Jokoetan lortutako emaitzen laburpena.
WATERPOLOA
Espainiak garaipen erosoa lortu du Australiaren aurka, Alberto Munarrizen gidaritzapean. Nafarrak 3 gol egin ditu gaurko partidan.
David Martinek zuzentzen duen taldea joko hauetan dominak lortzeko hautagaien artean dago, eta hasiera oso ona eman dio bere ibilbdeari. Munarrizek berak egin du partidako lehen gola, bere nagusitasuna baliatuz, eta taldearen garaipenari atea zabaldu dio horrela.
Alberto Munarriz
FUTBOLA
Espainiako emakumezkoen futbol selekzioa Olinpiar Jokoetako final-laurdenetan dago jada. Alexia Putellasek sartutako gol batek, amaierarako bost minuturen faltan, munduko txapeldunen kanporaketako pasea berretsi du, multzoen faseko partida baten faltan.
Irene Paredes, Lucia Garcia eta Oihane Hernandezen taldearen setioa erabatekoa izan da hasieratik, baina sei minuturen buruan Nigeriako selekzioak Oshoalaren kontraeraso azkar baten bidez abisatu du. Espainiak Nigeria zokoratu du bere eremuan, baina Afrikako Kopako txapeldunek ezustean harrapatu dute defentsan erakutsitako sendotasunarekin.
Irene Paredes, artxiboko argazkia
ESKUBALOIA
Maitane Etxeberriak eta Lysa Tchaptchetek galdu egin dute Espainiako selekzioarekin Angolaren aurka (26-21). Bigarren porrota izan da txapelketa olinpikoan, eta, ondorioz, oso maldan gora jarri da euren biziraupena Jokoetan.
Ambros Martinek zuzendutako taldeak, Brasilen aurkako debutean ere galdu zutenak, oso ahul agertu dira defentsan eta ez dute eraso zuzenik garatu Carlos Vivier espainiarrak zuzentzen duen selekzio afrikarraren aurka.
Lysa Tchaptchet
PIRAGUISMOA
Maialen Chourraut, K1 modalitatean, ur bizietako eslalomeko dominarik gabe geratu da, Parisko 2024ko Olinpiar Jokoetako finalean hamabigarren postuan sailkatu baita.
Chourraut bere bosgarren olinpiar jokoak jokatzen ari da; brontzezko domina lortu zuen Londresen 2012an, urrea Rio de Janeiron 2016an eta zilarra Tokion 2020an. Oraingoan, Vaires-sur-Marne kanalean domina irabazteko aukera guztiak galdu ditu bigarren atean huts egin duenean.
Maialen Chourraut
BELAR-HOCKEYA
Espainiak bere lehen garaipena lortu du igande honetan Parisen, Alemania egungo munduko txapeldunari 0-2 irabazita, Jose Maria 'Chefo' Basterrak eta Pepe Cunillek egindako golei esker. Debutean, Britainia Handiaren aurka, Espainiak porrot egin zuen (4-0). Alemaniak, aldiz, Frantzia jipoitu zuen lehen partidan (8-2).
Basterra Getxoko aurrelariak hiru gol egin zizkion Alemaniari (0-3) duela hilabete eskas, ekainaren 6an, Londresen jokatutako Pro Ligako partidan, eta igande honetan norgehiagokako lehen gola egin du. Espainiarrek atzoko porrotaren arantza atera dute, Luis Calzadok atepean egindako lan onari esker.
'Chefo' Basterra, gola taldekide batekin ospatzen.
ARRAUNA
Esther Brizek eta Aina Cidek ez dute zorterik izan, eta azkenak izan dira euren seriean (07:24.09), biko lemazaingabea modalitatean. Ondorioz, astelehenean bigarren aukerari itxaron beharko dio Getxoko bizilagunak, finalerdietarako txartela lortzen saiatzeko.
Lasterketa oso parekatua izan da, eta Jess Morrison eta Annabelle McIntyre australiarrek egin dute denborarik onena (07:16.58).
Esther Briz eta Aina Cid
JUDOA
Ariane Torok agur esan die Parisko Olinpiar Jokoei, Sosorbaram Lkhagvasuren mongoliarraren aurkako konbatea galduta, 52 kilotik beherako kategorian.
Bilbon jaio baina Nafarroan hazitako judoka Jose Toro judoka olinpikoaren (Atlanta, 1996) eta Yolanda Soler Atlantako 1996ko Olinpiar Jokoetan brontzea irabazi zuen judokaren alaba da.
Ariane Toro