Europa Liga
Bidasoa Irunek Europako lehen garaipena eskuratu nahi du, Suediako Ystadsen aurkako partidan
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Fase honetako bigarren norgehiagoka zuzenean ikusteko aukera emango du EITBk, 18:45etik aurrera, ETB4n eta eitb.eus-en.
Bidasoa Irunek Suediako Ystadsi egingo dio bisita astearte honetan, urriaren 15ean, Europa Ligako bigarren partida jokatzeko. Irungo taldeak denboraldiko lehen garaipena lortu nahi du Europan. EITBk partida emango du zuzenean, 18:45etik aurrera, ETB4n eta eitb.eus-en.
Joan den astean Artalekun Chrobry Glogow Poloniako taldearen kontra azken unean berdindu ostean, Alex Mozasen gizonek Ystads gainditu beharko dute orain. Gaur egun, Suediako ligako lehen postuan dago, eta ez dio lan erraza jarriko bidasoatarrei.
Mozasek honako adierazpen hauek egin ditu, bidaia egin baino lehen: "Ilusioz goaz, partida ona egiteko asmoz. Suediako ligako lehen postuan dagoen talde bati egin beharko diogu aurre, etxean norgehiagoka guztiak irabazi dituen taldeari. Errazago jokatzeko helburua dugu, defentsan hobetzeko, eta erasoan gehiago asmatzeko. Ziur gaude lortuko dugula".
Bidasoako taldearen bajen artean, Pedro Pacheco brasildarra eta Rodrigo Salas txiletarra —lehen lerroko erasoko bi ardatz nagusienetakoak— ez dira kantxaratzeko moduan izango.