Itxi

Santanderreko epaitegiak

Castrori Kontxako lau Bandera bahitu dizkiote epaitegiek

Erredakzioa

Kantabriako arraunak bizi duen krisi ekonomikoaren beste ondorio bat da. 'La Marinera' 17.200 euroko zorra ordaintzera zigortu zuten 2011n. Arraunlari ohi batek Castro auzitara eraman zuen.

Castroko ontzia Kontxako Banderan. EFE

Castroko Arraun Elkarteak irabazitako Kontxako lau Bandera bahitzeko agindua eman dute Santanderreko epaitegiek. La Marinera 17.200 euroko zorra eta interesak ordaintzera zigortu zuen epai batek, arraunlari ohi bati ez ordaintzeagatik. Sententzia betetzeko epaitegiek banderak bahitzea erabaki dute.

Konkretuki, 2001, 2002, 2006 eta 2008 Kontxako Banderak bahitzeko agindua eman du Santaderreko epaitegi batek, 2011ko urrian organo berdinak igorritako epaia betetzeko. Soldatak ez ordaintzeagatik 17.200 zorra eta interesak kitatu behar ditu La Marinera-k.

La Marinera-k aurreneko sententziari ez zion helegiterik aurkeztu. Arraunlariari 2008-2009 eta 2009-2010 denboraldietako soldatak ordaindu ez zizkiola ebatzi zuen epaiak. Era berean, 2009-2010 denboraldiko monitore soldata ez zion ordaindu.

Ondasunen bahiketa

Castrok ordaindu ez duenez, Santanderreko epaitegiak sententzia aurrera eraman du eta arraun elkarteari ondasunak bahitu dizkio, besteak beste, Kontxako Banderak.

2001, 2002, 2006 eta 2008ko Kontxako Banderak bahitzea adostu zuen epaitegiak, guztiak La Marinera-k irabazitakoak. Gainera, ondasunen hartzaile arraunlari ohia izendatu dute.

Dagoeneko banderen bahiketa egin dute; izan ere, epaitegietako arduradunak, arraunlari ohiaren ordezkariak eta poliziak Peru Zaballa kiroldegira joan dira, Castro Arraun Elkartearen egoitzara.