2. jardunaldia
Irujok eta Zabaletak buelta eman diote partida zail bati
EITB
Martinez de Irujok eta Zabaletak osatutako bikoteak Titin III.aren eta Merino I.aren kontrako norgehiagoka irauli behar izan du, txapelketako bigarren puntua lortzeko.
Irujok eta Zabaletak Titin III-Merino I bikotearen kontrako partida irabazi dute, errioxarrak ia norgehiagoka osoan zehar aurretik joan ondoren. Miguel Merinok jokatu du, David anaiaren ordez, baina ezin izan du bikotearen lehenengo puntua lortu, Eibarko Astelena pilotalekuan.
Binakako Txapelketaren 2. jardunaldiko azken partida parekatua izan da hasieran. Irujo-Zabaleta bikoteak, faboritoa izan arren, ez du nagusitasunik erakutsi norgehiagoka osoan zehar. Titin III.a lehian kontzentratuta irten da frontoira, eta joko ona erakutsita, partidako lehenengo tantoak egin ditu. Atzealdean, Merino I.a oso ondo aritu da, eta Errioxako bikotea aurretik egon da markagailuan.
Irujok tanto dotore gutxi batzuk egin ditu, baina, Zabaleta bikotekidearekin batera, ez da ondo aritu. Haserretuta, ezin izan dio Titin III.aren indarrari aurre egin. Atzeko koadroetan, Zabaletak ez du nagusitasunik erakutsi, eta Merino I.ak, serio eta kontzentratuta, ondo lagundu dio bikotekideari.
Titin III.ak oso inspiratuta jokatu du. 9 tanto egin ditu guztira, gehienak zailak eta ikusgarriak. Irujok, aldiz, 3 tanto baino ez ditu egin. Hala ere, Errioxako atzelaria eusten ari zela zirudienean, pilota gehiegi galtzen hasi da. Irujok eta Zabaletak 19ra berdindu dute partida, Merino I.ak galdutako pilota garbiei esker.
Azkenean, Irujo eta Zabaleta heldu dira 22 tantora eta Titin III.a eta Merino I.a mendean hartu dituzte. Errioxarrak oraindik punturik lortu gabe helduko dira 3. jardunaldira. Nafarrak, aldiz, sailkapeneko goiko postuetan kokatu dira, bi partidak irabazita, Xala-Barriola eta Bengoetxea VI-Beroiz bikoteekin batera.