Itxi

Hirugarren jardunaldia

Landutako garaipena lortu dute Berasaluze II.ak eta Albisuk (22-16)

Leire Etxazarra | eitb.com

Berriztarrak eta Ataundarrak Joseba Ezkurdia eta Jose Javier Zabaleta hartu dituzte mendean, Binakako Txapelketaren hirugarren jardunaldiko azken partidan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Berasaluze II.a eta Albisu Ezkurdiari eta Zabaletari gailendu zaizkiete, Binakako Txapelketako lehen puntua lortuta. Egungo azpitxapeldunek lan handia egin behar izan dute aurkariak mendean hartu eta aurreko bi partidetan jasotako porroten mamua uxatzeko.

Partidak erritmo bizia izan du lehen minutuetan eta markagailuan gorriak izan dira aurretik beti (6-1), baina Jon Ander Albisuk atzeko aldean egindako hutsek urdinak 7-6 hurbiltzea ahalbidetu dute.

Hala ere, Joseba Ezkurdia eta Jose Javier Zabaleta ez dira fin ibili partidako momenturik garrantzitsuenetan eta, nahiz eta kalitatea erakutsi, ez dira partida berdintzeko eta aurretik jartzeko gai izan.

Bi atzelariek lehia polita izan dute, atsedenik gabekoa, eta hor Ataungoa nagusitu da. Aurreko koadroetan ,aldiz, Berasaluzek betiko kemena agertu du, tanto batzuk ohiko maisutasunarekin amaitu ditu, baina Berrizkoa ez dago sasoirik onenean, eta partidak luze egiten zaizkio.

Azkenean, 22 eta 16 gorrien alde. Berasaluze II.ak eta Albisuk lehen garaipena lortu dute, Binakakoaren hirugarren jardunaldiko azken partidan. Ezkurdiak eta Zalaletak, aldiz, garaipenik lortu gabe ekingo diote laugarren jardunaldiari.

Bi bikote daude Binakako Txapelketako sailkapenaren buruan, biak hiru garaipenekin: Olaizola II.a – Aretxabaleta eta Xala – Zubieta. Lau pilotariek elkarren aurka jokatuko dute ostiralean, Donibane Garazin (zuzenean, 22:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.com-en).

Partidako tanto guztiak: 1-0, 2-0, 2-1, 3-1, 4-1, 5-1, 6-1, 6-2, 7-2, 7-3, 7-4, 7-5, 7-6, 8-6, 9-6, 10-6, 11-6, 12-6, 13-6, 14-6, 15-6, 15-7, 15-8, 15-9, 15-10, 15-11, 16-11, 17-11, 18-11, 19-11, 20-11, 20-12, 20-13, 20-14, 20-15, 20-16, 21-16, 22-16.

Albisteak (2)

Bideoak (1)