Hirugarren jardunaldia
Landutako garaipena lortu dute txapeldunek, bigarrena, 22-17
L.E. | eitb.eus
Irujo eta Barriola jaun eta jabe izan dira lehen tantoetan, baina Bengoetxea VI.ak eta Aretxabaletak hobera egin dute, eta zenbait momentuta estu eta larri jarri dituzte gorriak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Lana erruz eginda baina Binakako Txapelketako bigarren garaipena lortu dute Juan Martinez de Irujok eta Abel Barriolak Bengoetxea VI.aren eta Aretxabaletaren aurka Urteberri egunean jokatutako partidan.
Gorriak 22 eta 17 gailendu dira. Lehen minutuetan nagusi izan dira Astelena pilotalekuan, baina urdinek ez dute amore eman, eta ziurra zirudien garaipena zalantza jartzea lortu dute.
Irujo eta Barriola erraz eta azkar aurreratu dira markagailuan, 5 eta 0, Iberokoaren hasiera sutsuak bultzatuta. Irujo bikain aritu da gantxoan, eta Barriola ere oso ziur eta serio aritu da atzeko aldean.
Urdinei dagokienez, Oinatzek hobera egin du minutuek aurrera joan ahala, eta Irujorekin aurreko koadroetan izandako lehia estuak zaleen txaloak piztu ditu hainbat alditan. Aretxabaleta, aldiz, kaskar hasi da, huts asko eginez, baina gerora hobera egin du.
Gorriak beti izan dira aurretik, eta partidak ez du berdinketarik izan. Alde handiena 9 puntukoa izan da, 17-8, baina, jarraian, urdinek hortzak estutu dituzte eta 17-15 hurbildu dira, 0 eta 7ko partziala eginda.
Garaipena eskutik ihes egiten ari zitzaien Irujori eta Barriolari, baina Irujok gauzak zegokien lekuan jarri ditu berriro, 19-16. Oinatzek huts erabakigarria egin du sakeaz partida 19-17 zihoala, eta horrek azken bultzada eman die gorrei, justu garaipena ziurtatzeko behar zutena.
Azkenean, 58 minuturen eta 541 pilotakadaren ostean, garaipena egungo txapeldunentzat izan da. Binakakoan lortzen duten bigarren puntua izan da gaurkoa. Bengoetxea VI.ak eta Aretxabaletak, aldiz, txapelketako lehen porrota jaso dute.
Partida, tantoz tanto:
1-0, 2-0, 3-0, 4-0, 5-0, 5-1, 6-1, 6-2, 6-3, 6-4, 7-4, 7-5, 8-5, 9-5, 10-5, 11-5, 12-5, 12-6, 12-7, 13-7, 14-7, 15-7, 16-7, 16-8, 17-8, 17-9, 17-10, 17-11, 17-12, 17-13, 17-14, 17-15, 18-15, 18-16, 19-16, 19-17, 20-17, 21-17, 22-17.
22-17.