Finalaurrekoetako ligaxka
Ezkurdia eta Zabaleta garaile, Artola eta Albisuren aurka (22-16)
Leire Etxazarra | eitb.eus
Nafarrak gipuzkoarrak baino gehiago izan dira eta lehen puntua lortu dute finalaurrekoetan. Partida zortzinakoaren ostean hautsi da, gorriek 6 eta 0eko partziala eginda.
Joseba Ezkurdiak eta Jose Javier Zabaletak lehen puntua lortu dute Binakako Txapelketako finalaurrekoetako ligaxkan.
Nafarrak Iñaki Artolari eta Jon Ander Albisuri gailendu zaizkie 22-16, Atano III.ean jokatutako partidan.
Norgehiagoka oso orekatuta hasi da, zortzina egin duten arte. Hortik aurrera, gorriek 6 eta 0eko partziala egin, eta aldea zabaldu dute markagailuan (14-8). Abantaila bost puntukoa izan da hurrengo tantoetan, urdinak suspertu diren arte. 4 eta 0eko partzial batek partidan sartu ditu berriro (18-16). Garaipena garesti zegoen.
Partida une erabakigarrian sartu da, eta hor Iñaki Artolak huts egin du. Alegiakoak kale egin du hurrengo bi tantoetan, eta garaipena esku-eskura jarri die (20-16) gorriei. Ordura arte, baina, Alegiakoak joko txukuna egin du.
Lau puntuko azkeneko alde hori gehiegi izan da gipuzkoarrentzat, eta azkenean garaipena eta puntua nafarrek eraman dute, merezita: 22-16.