Itxi

Finala, Bilbon

Elezkano eta Rezusta txapeldun, aurreikuspenak hautsita (22-19)

eitb.eus

Leer en Castellano

Bikote gorriak merezimendu osoz irabazi du Bilbon jokatutako final zirraragarria. Partida osoan izan dira aurretik, eta gakoa atzeko koadroetan izan da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Danel Elezkano bizkaitarrak eta Beñat Rezusta gipuzkoarrak aurreikuspen guztiak hautsi dituzte igande honetan Bilbon jokatutako Binakako Txapelketako final handian. Bikote gorria nagusi izan da, eta 22-19 gailendu zaizkie bi faborito nagusiei, Iker Irribarria gipuzkoarrari eta Jose Javier Zabaleta nafarrari.

Atzelariak protagonista eta erabakigarriak izan dira finalean, Rezusta eta Zabaleta bikain aritu dira, baina bukaeran aurrelarien lanak ere eragin handia izan du azken emaitzan. Aurreko koadroetan, Elezkano erregularragoa izan da, eta Irribarriak baino hobeto eutsi dio erritmoari. Aramakoak ere tanto politak jokatu ditu.

Horrela, norgehiagokako azken tantoa, Irribarriak dena alde izanda pilota txapara bidali duena, finalaren laburpen bikaina da.

Garaipen honekin, Zaratamoko aurrelariak Binakako Txapelketako txapela irabazi du lehen aldiz. Iaz ezin izan zuen finala irabazi, orduan ere Rezustarekin batera aritu zen arren. Bergarako atzelariarentzat, berriz, bigarren txapela da, lau final jarraian jokatu ostean.

Finalak kolore gorria izan du. Lehenengo tantoetan, Elezkano eta Rezusta 4-0 aurreratu dira, Irribarria eta Zabaleta esnatu eta markagailuan 10-10ekoa jarri duten arte. Partida osoan izan diren bi berdinketetatik lehenengoa izan da.

Bigarren berdinketa, eta gorrien erreakzioa

Gorriek ondo eutsi diote presioari, eta aldea zabaldu dute berriro markagailuan: 16-11. Irribarriak eta Zabaletak ez dute amore eman, eta finala berriro berdindu dute: 16-16. Hortik aurrera, Elezkano eta Rezusta nagusi izan dira. 20-17 aurreratu dira, eta garaipenak ez die ihes egin.

Azkenean, 22-19, Danel Elezkano eta Beñat Rezusta dira Binakako Txapelketako txapeldun berriak.

Finaleko tanto guztiak

1-0, 2-0, 3-0, 4-0, 4-1, 5-1, 6-1, 6-2, 6-3, 6-4, 6-5, 7-5, 8-5, 9-5, 9-6, 9-7, 9-8, 10-8, 10-9, 10-10, 11-10, 12-10, 13-10, 13-11, 14-11, 15-11, 16-11, 16-12, 16-13, 16-14, 16-15, 16-16, 17-16, 18-16, 19-16, 19-17, 20-17, 21-17, 21-18, 21-19, 22-19.

Albisteak (3)

Bideoak (5)