Koronabirusa kirolaren munduan
Binakako Txapelketa, enpresen bileraren zain
eitb.eus
Esku Pilota Enpresen Liga gaur bilduko da, koronabirusaren krisiak sortutako egoera aztertu eta aukera guztiak jorratzeko, tartean txapelketa atzeratzea.
2020ko Binakako Txapelketa azken txanpan sartuta dago, aurreko asteburuan ekin baitzioten finalerdietako ligaxkari, lehen jardunaldiari dagozkion neurketak jokatuta.
Hala ere, Espainiako Gobernuaren Kultura eta Kirol Ministerioak astearte honetan hartutako erabakiak, hau da, hurrengo asteetan kirol lehiaketa profesional eta ez-profesional guztiak ateak itxita jokatzea agindu izanak, eragina izan dezake txapelketa horren nondik norakoan.
ETBk jakin duenez, Esku Pilota Enpresen Liga (LEPM) asteazken honetan bilduko da koronabirusaren krisiak eragindako egoera aztertzeko eta esku artean dituzten aukera guztiak jorratzeko. Hartara, mahai gainean dagoen aukeretako bat txapelketa zenbait astez atzeratzea da, oraindik jokatu gabe dauden gainerako partidei Kultura Ministerioaren murrizketak eragin ez diezaien.
Printzipioz, asteburu honetarako ligaxkako bigarren jardunaldiko bi partida daude programatuta.
Dena dagoen bezala geratuz gero, Jaka – Zabaleta eta Laso – Albisu nor baino nor gehiago izango dira larunbatean, apirilaren 14an, Labriten. Igandean, berriz, Ezkurdiak eta Martijak Olaizola eta Urrutikoetxea izango dituzte aurkari.