Koronabirusa
Binakako Txapelketa bertan behera geratu da, momentuz
eitb.eus
Enpresek ez jokatzeko erabakia hartu dute eta ez dakite noiz jokatuko den berriro.
Your browser doesn’t support HTML5 video
2020ko Binakako Txapelketa azken txanpan sartuta dago, aurreko asteburuan ekin baitzioten finalerdietako ligaxkari, lehen jardunaldiari dagozkion neurketak jokatuta.
Hala ere, Espainiako Gobernuaren Kultura eta Kirol Ministerioak asteartetan hartutako erabakiak, hau da, hurrengo asteetan kirol lehiaketa profesional eta ez-profesional guztiak ateak itxita jokatzea agindu izanak, eragina izan du txapelketa horren nondik norakoan.
Esku Pilota Enpresen Liga (LEPM) asteazkenean bildu zen koronabirusaren krisiak eragindako egoera aztertzeko eta esku artean dituzten aukera guztiak jorratzeko. Hartara, mahai gainean zegoen aukeretako bat izan da txapelketa zenbait astez atzeratzea, oraindik jokatu gabe dauden gainerako partidei Kultura Ministerioaren murrizketak eragin ez diezaien.
Azkenean, Binakakoa bertan behera uztea erabaki dute eta lehiaketara noiz itzuliko den ez dakite.