Itxi

Finalerdietako ligaxka

Binakako Txapelketa bueltan da

eitb.eus

Asteburu honetan jarriko da martxan berriro ere, Bilbon eta Eibarren, martxoan jokatzekoak ziren finalerdietako ligaxkako bigarren jardunaldiarekin.

Finalerdietako ligaxka

Behin uda partean hasi zen Caixabank Masters txapelketa bukatuta, Artolak eta Rezustak osatutako bikotearen garaipenarekin amaitu zena, Binakako Txapelketa bueltatuko da frontoietara asteburu honetan.

Hala, martxoan jokatu behar ziren, baina koronabirusaren pandemiaren eraginez bertan behera geratu ziren finalerdietako ligaxkako bigarren jardunaldiarekin itzuliko dira pilotariak txapelketa ofizialen lehiara.

Hartara, larunbatean, urriaren 3an, ligaxkako lehen jardunaldian galdu egin zuten bikoteak izango dira aurrez aurre, Bilbon, hau da, batetik, Jaka-Zabaleta eta, bestetik, Agirre-Albisu (Agirrek Unai Lasoren lekua hartuko du aurrelari lanetan, Bizkarretakoak Baikon jokatzeari utzi baitio).

Igandean, urriaren 4an, berriz, ligaxkako lehendabiziko partidan garaipena lortu zuten bi bikoteak nor baino nor gehiago jardungo dute, Eibarren, hots, Olaizola-Urrutikoetxeak eta Ezkurdia-Martijak.

Neurketa biak ETB1en zein eitb.eus-en ikusi ahal izango dira, zuzen-zuzenean.

Albisteak (3)