Finalerdietako ligaxka
Peña eta Albisu izango dituzte aurkari Elezkanok eta Zabaletak finalean
A. A. | EITB MEDIA
Baikoko bikotea goitik behera nagusitu da, batez ere Albisuk Mariezkurrenaren gainetik agindu duelako (14-22)
Your browser doesn’t support HTML5 video
Joan Ander Peña eta Jon Ander Albisuk 14-22 irabazi diete Jokin Altuna eta Jon Mariezkurrenari, eta, hartara, maiatzaren 9an jokatuko den Binakako Txapelketako finalean izango dira Danel Elezkanoren eta Jose Javier Zabaletaren aurka.
Urdinek izan dute partidako aurreneko sakea, baina ez dute batere aprobetxatu, Peñak falta egin baitu sakez, laburregi aterata. Dena den, hutsegite horrek ez du Tolosako aurrelari gaztea kikildu, ezta Baikoko bikotearen jarduna baldintzatu ere; izan ere, norgehiagoka biribila jokatu dute.
Hasierako tanto trukaketa ikusita, lehia parekatua joango zela ematen bazuen ere (1-1, 2-2, eta 4-4ko berdinketak izan dira), oso bestelakoa izan da hortik aurrerako garapena. Launako berdinketatik 5 eta 14ra egin du jauzi markagailuak, eta gero 7 eta 18ra.
Neurketako gakoa atzeko koadroetan egon da, Albisuk ia uneoro erakutsi baitio bizkarra Mariezkurrenari, eta, hala, Baikokoek eraman dute lehiako aginte-makila. Berriozarko atzelariak 7. koadrotik atzera kokatu behar izan du sarri-sarri, Ataungoaren pilotei erantzuten saiatzeko, baina ezinean ibili da neurketako zatirik gehienean.
7 eta 18koarekin Altuna ahalegindu da gauzak apur bat estutzen, eta hainbat tanto pilatu ditu gorrien alde, tartea zazpi (11-18 eta 12-19) zein sei (14-20) tantoraino murriztuz. Aitzitik, ez dute urrutiago joaterik izan, eta, azkenerako, 14 eta 22ko emaitzarekin amaitu da neurketa.
Ondorioz, Jon Ander Albisu bere bigarren finalean izango da, lehendabizikotik zortzi urte igaro ostean. Orduko hartan, galdu egin zuen Pablo Berasaluzerekin batera, aurrelari bizkaitarrak lesionatuta utzi behar izan baitzuen neurketa. Peña, berriz, lehen aldiz izango da Binakako finalean, txapelketan debutatu duen urtean, hain zuzen ere.
Aspeko bikoteari dagokionez, Elezkanok bere bigarren txapela irabazteko aukera izango du, 2019an, Beñat Rezustarekin batera eskuratutakoaren ostean. Zabaletak, bere aldetik, hirugarrena lortzeko abagunea izango du (2013an Juan Martinez de Irujorekin irabazi zuen, eta 2018an, Ezkurdiarekin).
Partida, tantoz tanto: 1-0, 1-1, 2-1, 2-2, 2-3, 2-4, 3-4, 4-4, 4-5, 4-6, 4-7, 4-8, 5-8, 5-9, 5-10, 5-11, 5-12, 5-13, 5-14, 6-14, 6-15, 7-15, 7-16, 7-17, 7-18, 8-18, 9-18, 10-18, 11-18, 11-19, 12-19, 12-20, 13-20, 14-20, 14-21, 14-22.