13. jardunaldia
Urdulizek, Gasteizek, Logroñok eta Tolosak hartuko dituzte partidak
Erredakzioa
Bengoetxea VI-Apraiz eta Irujo-Barriola bikoteen arteko neurketa hartuko du Urdulizeko pilotalekuak ostiralean. Olaizola eta Beroiz liderrek Xala eta Laskurain hartuko dituzte Oguetan, larunbatean.
Urduliz (Bizkaia), Gasteiz, Tolosa (Gipuzkoa) eta Logroñoko pilotalekuek Binakako Txapelketaren ligaxkako azkenaurreko jardunaldia hartuko dute datorren asteburuan, Asegarce eta Aspe enpresek gaur baieztatu dutenez.
Jardunaldia Urdulizeko udal pilotalekuan hasiko da ostiralean. Bengoetxea VI-Apraiz bikoteak Irujo eta Barriola izango ditu aurrean. Larunbatean, Gasteizko Ogueta pilotalekuan, Olaizola II-Beroiz bikote liderrak Xala eta Laskurain izango ditu aurkari.
Igandean Logroñoko Adarraga pilotalekuak hartuko du lekukoa. Titín III-Merino II bikoteak Berasaluze VIII eta Albisuren kontra jokatuko du. Astelehenean, Tolosako Beotibar pilotalekuan, aukerarik ez duten bi bikote lehiatuko dira: Arretxe II-Begino eta Aritz Lasa-Zubieta.