Otsailaren 25 eta 27an
Binakako Txapelketako playoffetako partiden datak eta ordutegiak
EITB Media
Ezkurdia-Tolosa bikoteak Irribarriaren eta Rezustaren aurka jokatuko du otsailaren 25an Donostian. Laso-Imaz eta Peña II.a-Albisu bikoteen arteko lehia otsailaren 27an izango da, Gasteizen. Bi norgehiagokak zuzenean eskainiko dituzte eitb.eus eta ETB1ek.
Binakako Txapelketako playoffak jokatuko dira otsailaren 25 eta 27an. Lau bikote ariko dira lehian eta finalerdietarako txartelak izango dituzte jokoan. Elezkano II.a-Zabaleta eta Altuna III.a-Martija bikoteak finalerdietarako sailkatuta daude, ligaxka lehen bi postuetan amaitu zutelako. Playoffetako bi neurketak zuzenean eskainiko dituzte eitb.eus eta ETB1ek.
Otsailaren 25ean, ostiralean, Ezkurdia-Tolosa eta Irribarria-Rezusta bikoteek neurtuko dituzte indarrak Donostiako Atano III.a pilotalekuan; jaialdia 17:00etan hasiko da. Otsailaren 27an, igandean, Laso-Imaz eta Peña II.a-Albisu bikoteak ariko dira nor baino nor Gasteizko Ogeta frontoian, 17:00etan hasiko den jaialdian.
Larunbatean, otsailaren 26an, Oinatz Bengoetxearen agurreko partida jokatuko da Labriten, eta hura ere zuzenean jarraitu ahalko da eitb.eus eta ETB1en. Leitzakoak bikotea osatuko du Mariezkurrena II.arekin; Artola eta Aranguren izango dituzte aurkari.
Binakako Txapelketako playoffetako partiden datak eta ordutegiak:
Otsailak 25, ostirala:
Ezkurdia-Tolosa vs Irribarria-Rezusta (17:00etan, Donostiako Atano III.a frontoian)
Otsailak 27, igandea:
Laso-Imaz vs Peña II.a-Albisu (17:00etan, Gasteizko Ogeta frontoian)