Apirilaren 2an
Tolosaren lesioak finalerako txartela eman die Elordi eta Zabaletari
I. G. | EITB MEDIA
Gorriek erakustaldia eman dute Binakako Txapelketako finalerako bigarren txartela lortzeko lehian, baina partidako azken tantoetan atzelariak min hartu du eta ezin izan du jokatzen jarraitu. Hortaz, urdinei eman diete garaipena.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Aitor Elordik eta Jose Javier Zabaletak Binakako Txapelketako final handirako txartela lortu dute igande honetan Jokin Altunaren eta Xabier Tolosaren aurka Bilboko Bizkaia Frontoian jokatu duten partida erabakigarrian. Partida gorrien alde zegoenean, Tolosak min hartu du eta ezin izan du jokatzen jarraitu. Hortaz, urdinek jokatuko dute finala.
Bi bikoteak garaipen eta porrot banarekin iritsi dira finalerdietako ligaxkako azken partidara. Altunak eta Tolosak porrota jaso zuten lehen jardunaldian, Laso eta Imazen aurka (22-21), hain zuzen ere, baina Peña eta Mariezkurrena (22-15) mendean hartu, eta amets egiten jarraitu zuten.
Elordik eta Zabaletak ere irabazi egin zieten Peña eta Mariezkurrenari (22-14) ligaxkako lehen jardunaldian, baina Laso eta Imazen aurka igande honetako aurkarien patu bera izan zuten (22-19).
Horrela, Laso eta Imaz matematikoki finalerako sailkatuta, eta Peña II.a eta Mariezkurrena II.a sailkatzeko aukerarik gabe, azken txartela hirugarren jardunaldiko lehia handirako geratu zen: Altuna-Tolosa vs Elordi-Zabaleta.
Partida ikusgarria jokatu dute bi bikoteek, sariak merezi zuenaren mailakoa. Altunak eta Tolosak sendo hasi dute partida eta haiek egin dituzte partidako lehen hiru tantoak. Amezketakoak erritmo bizia sartu dio pilotari, eta bere gustura mugitu ditu aurkariak. 5-2koa izan da tantorik aipagarrienetako bat, pilotariek 72 pilotakada jo baitituzte bukatu aurretik.
Elordik eta Zabaletak Tolosaren bizkar gainean jarri dute orduan jokoaren zama, eta frontisetik hurbil geratu diren pilotez baliatu dira tantoak bukatzeko eta aldea pixkanaka murrizteko (8-6). 9-6koa ere beste tanto ikusgarri bat izan da, 70 pilotakada eman baitituzte hiru minutu iraun duen tantoan.
Elordi ondo aritu da defentsa lanetan eta Zabaletaren indarrak gauzak zaildu dizkie gorriei, baina Altuna geldiezin jarraitu du, era paregabean eta Tolosari ahal izan duen bakoitzean lagunduz, eta kolpez kolpe abantaila 14-7ra zabaldu dute (partidako alderik handiena). Tolosak ere erakustaldia eman du hainbat pilota hamarreko lerroaren atzetik eramanez.
Urdinak aldea murrizten jarraitu dute, baina haien tanto bakoitzari kontrako batekin erantzun diote gorriek, eta partidak aurrera egin ahala asko zaildu zaizkie gauzak (17-11). Hala ere, Elordik eta Zabaletak ez dute amore eman eta azken unera arte jarraitu dute borrokan (19-15).
Une horretan iritsi da partidaren noranzkoa aldatu duen gertakizuna. Tolosak min hartu du, Zabaletak atzera jaurtitako pilota bat erantzuterakoan, eta ez da tantoa bukatzeko gai ere izan. Partida eten eta pilotaria aldageletara joan da lesioa aztertzeko eta jokatzen jarrai zezakeen ikusteko. Azkenean, atzelariak ezin izan du jarraitu eta partida bukatutzat eman da, markagailuan 19-16ko emaitza zegoela.
Beraz, Elordi-Zabaleta bikotea lehiatuko da datorren igandean Laso eta Imazen aurka Binakako Txapelketako txapela eskuratzeko.
Bestalde, Lasok eta Imazek ezin izan zuten larunbatean azken jardunaldiko partida jokatu, arazo fisikoak baitzituzten. Iñaki Artola eta Iosu Eskiroz aritu ziren haien ordez, eta galdu egin zuten Peña eta Mariezkurrenaren aurka (22-19).
Tolosaren parte medikoa
Aspe enpresak sare sozialetan iragarri duenez, Tolosak "lesio muskular akutua du eskuin hankako barneko muskulu bikian". Asteartean erresonantzia egingo diote, baina oraingoz "bilakaeraren zain" dago.