Serie B
Eskuz Binakako Serie B Txapelketa ostiralean hasiko da, Azkoitian
EITB MEDIA
Txapelketak izena aldatu du aurten, eta martxoaren 23an amaituko da, Labriten jokatuko den finalarekin. Hamalau jardunaldi, bi playoff partida eta hiru jardunaldiko finalerdietako liga izango dira.
Baikok eta Aspek asteazken goizean aurkeztu dituzte 2024ko Binakako Serie B Txapelketa irabazten saiatuko diren zortzi bikoteak. Baikoko lau bikote eta Aspeko beste lau arituko dira lehian martxoaren 23an Labriten jokatuko den finalean txapela janzteko.
Baikok bere koadroko lau bikote hauek aukeratu ditu txapela lortzeko asmoz: Alberdi II-Morgaetxebarria, Larrazabal-Eskiroz, Zubizarreta III-Ugartemendia eta Agirre-Iztueta; Aspek, berriz, honako hauek hautatu ditu: Egiguren V-Eskuza, Salaberria-Arbizu, Exposito-Gaskue, eta De la Fuente-Bikuña.
Ostiral honetan hasiko da lehia
Ostiral honetan, Azkoitian emango diote hasiera lehiaketari Egiguren V-Eskuzak eta De la Fuente-Bikuñak. Larunbatean, Agirre-Iztuetak eta Alberdi II-Morgaetxebarriak jokatuko dute elkarren aurka Aizarnazabalen. Igandean Zubizarreta III eta Ugartemendia, eta Senar, Larrazabal ordezkatuz, eta Eskiroz izango dira aurrez aurre Seguran. Eta azaroaren 30ean, Eibarren, Salaberria-Arbizu eta Exposito-Gaskue saiatuko dira aurreneko puntua eskuratzen.
Txapelketaren egitura
Zazpi jardunaldiko bi itzuli, orotara hamalau jardunaldi, jokatuko dituzte pilotariek sailkapen ligan. Bi bikote onenak zuzenean sailkatuko dira finalerdietako ligara, eta hirugarren eta seigarren postuen artean sailkatuek playoffak jokatu beharko dituzte aurrera egin ahal izateko. Finalerdietako ligak hiru jardunaldi izango ditu, eta final handia Labriten izango da martxoaren 23an.