Itxi

Bajak, lesioengatik

Mata eta Senar, Expositoren eta Alberdi II.aren ordez, Binakako Serie B Txapelketako bigarren jardunaldian

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Hodei Exposito ostegunean Eibarren jokatzekoa zen, baina lesioa du ezkerreko koadrizepseko aurreko ondestean; Unai Alberdi ostiralerako zegoen programatuta, Zornotzan, baina, nola zuntz haustura duen ezkerreko bizkarraldeko muskulaturan, ezingo du aritu.

Beñat Senar, sakea egiteko prest, bere estreinaldian. Argazkia: EITB Media.

Unai Mata eta Beñat Senar min hartuta dauden Hodei Expositoren eta Unai Alberdiren ordez arituko dira 2024ko Binakako Serie B Txapelketako bigarren jardunaldian, asteartean Aspe eta Baiko enpresek iragarri dutenez. Hain zuzen ere, Exposito ostegunean Eibarren jokatzekoa zen, baina lesioa du ezkerreko koadrizepseko aurreko ondestean; Unai Alberdi, aldiz, ostiralerako zegoen programatuta, Zornotzan, baina, nola zuntz haustura duen ezkerreko bizkarraldeko muskulaturan, ezingo du aritu.

Testuinguru horretan, Aspek X sare sozialaren bidez zehaztu duenez, Hodei Exposito aurrelariak, astelehenean Eibarren egindako entrenamenduan, "mina nabaritu zuen ezkerreko izterrean". Asteartean, ekografia egin diote, eta antzeman diote "lesio muskularra ezkerreko koadrizepseko aurreko ondestean".

Unai Mata arituko da haren ordez, txapelketan; ostegunean, hilaren 30ean, Eibarren, Matak eta Gaskuek Salaberria-Arbizu bikotea izango du aurkari, Binakako Serie B Txapelketako bigarren jardunaldian.

Baikon, Beñat Senarrek ordezkatuko du ostiralean, Zornotzan, min hartuta dagoen Unai Alberdi. Horrek zuntz haustura du "ezkerreko bizkarraldeko muskulaturan", eta, hala, Zornotzan jokatuko duten Pilota Pro Fest jaialdian, Senar-Morgaetxebarria eta Zubizarreta III.a-Ugartemendia bikoteak arituko dira nor baino nor gehiago.

Alberdi II.a larunbatean lesionatu zen, Aizarnazabalen, Binakako Serie B Txapelketako lehenengo jardunaldian. Erresonantzia magnetikoa egin zaio, eta arestian aipatutako lesioa antzeman diote; hori dela eta, azpeitiarrak "atseden hartu behar du, eta fisioterapia tratamendua egingo du".

Albisteak (2)

Bideoak (1)