Finalerdiak
Mariezkurrena II.ak ezingo du jokatu finalerdietako ligaxkako azken jardunaldian, eta Eskirozek ordezkatuko du
EITB MEDIA
Berriozarreko atzelariak eskuina du minduta, eta, hala, Ezkabartearra aritu da, Jakarekin batera, P. Etxeberria-Zabaleta bikotea aurkari, larunbatean, Iruñean. B Serieko Binakako Txapelketan, Salaverri II.ak hartuko du Eskirozen lekua, ostiralean, Laudion.
Jon Mariezkurrenak ezingo du jokatu 2024ko Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkako hirugarren eta azken jardunaldian, larunbatean, Labrit pilotalekuan, Iruñean, eta Iosu Eskirozek ordezkatuko du, Baikok astelehenean iragarri duenez.
Iturri horrek berak zehaztu duenez, Mariezkurrena II.ak eskuin eskua du minduta: "Jon Mariezkurrenak tumefakzioa du eskuineko eskuan, 2. eta 3. metakarpo-hezurren buruan. Hematoma bat du eta mina ingurua haztatzean. Atseden hartu behar du eta fisioterapia-tratamendua egingo du", adierazi du Baikok zabaldutako txosten medikuak.
Hala, Labriteko partidan Erik Jaka-Eskiroz eta Peio Etxeberria-Zabaleta bikoteak arituko dira nor baino nor gehiago.
Halaber, B Serieko Binakako Txapelketan, Salaverri II.ak hartuko du Eskirozen lekua, Laudion ostiral gauean izango den finalerdietako partidan. Horrenbestez, Larrazabalek eta Salaverri II.ak jokatuko dute De la Fuente-Bikuña bikotearen aurka, Aretako pilotalekuan, Arabako herrian.