Binakako Txapelketa
Artola eta Mariezkurrena izango dira Binakako Txapelketako finalean, Peña eta Albisu aise menderatuta (22-10)
G. P. A. | EITB Media
Gorriak hasieratik bukaeraraino nagusitu dira, eta urdinek ez dute inolako aukerarik izan neurketa irabazteko. Igandean jokatuko da Ezkurdia-Rezusta eta Laso-Iztueta bikoteen arteko partida, eta lehia horretatik aterako dira beste bi finalistak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iñaki Artola eta Jon Mariezkurrena izango dira Binakako Txapelketako final handian, gaur, Labriten, Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisu erraz menderatu eta gero (22-10). Igandean jakingo dugu nortzuk izango diren beste bi finalistak: Joseba Ezkurdia eta Beñat Rezusta edo Unai Laso eta Martxel Iztueta.
Finalerako txartela eskuratzeko, Artolak eta Mariezkurrena II.ak gaurko partida irabazi behar zuten, edo gutxienez 15 tanto egin behar zituzten eta bihar Ezkurdiak eta Rezustak galdu behar zuten. Alabaina, hasieratik indartsu eta ausardia handiarekin jokatu dute, eta ez diete inolako aukerarik eman Peña II.ari eta Albisuri.
Urdinek oso zaila zuten sailkatzea; izan ere, punturik gabe iritsi dira finalerdietako ligaxkako azken neurketara, eta bi baldintza behar zituzten helburua lortzeko: batetik, gaurko partida 8 tanto edo gehiagoko aldearekin irabazi behar zuten, eta, bestetik, bihar Lasok eta Iztuetak galdu behar zuten.
Edonola ere, gaizki hasi dute neurketa, eta ez dute inolako aukerarik izan emaitza iraultzeko, Artola eta Mariezkurrena gainetik pasatu baitzaizkie.
Ezkurdia-Rezusta eta Laso-Iztueta bikoteen arteko partida erabakigarria bihar jokatu da, Donostiako Atano pilotalekuan, eta lehia horretatik aterako dira Artola eta Mariezkurrenaren aurkariak.
Binakako Txapelketako final handia martxoaren 30ean jokatuko da, Nafarroa Arenan, Iruñean.