Binakako Txapelketa

Ezkurdia eta Rezusta izango dira Artolaren eta Mariezkurrenaren aurkariak Binakako Txapelketako finalean

G. P. A. | EITB Media

Leer en Castellano

Ezkurdiak eta Rezustak 22-19 menderatu dituzte Laso eta Iztueta, maila handiko azken finalaurrekoan. Binakako Txapelketako finala martxoaren 30ean jokatuko da, Nafarroa Arenan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Joseba Ezkurdia eta Beñat Rezusta izango dira Binakako Txapelketako final handian Iñaki Artolaren eta Jon Mariezkurrenaren aurkariak, azken finalaurrekoan Unai Laso eta Martxel Iztueta 22-19 menderatu baitituzte. Finalerdietako onenak izan dira Ezkurdia eta Rezusta, eta ligaxkako hiru neurketak irabazi dituzte.

Gasteizko Ogeta pilotalekuan partida ikusgarria jokatu da gaur. Ezkurdiak eta Rezustak 16 tanto egin behar zituzten finalerako bigarren txartela eskuratzeko; Lasok eta Iztuetak, berriz, zailago zuten bidea, gutxienez 7 tantoko aldearekin nagusitu behar zutelako.

Hori jakinda, lau pilotariek dena eman dute kantxan, eta ikuskizun ederra izan da, atzean nahiz aurrean.

Norgehiagoka oso parekatuta hasi da, eta erritmo handian. Laster, Ezkurdiak eta Rezustak 5 tantoko zuloa egin dute, baina 8-3koaren ostean, urdinen erreakzioa etorri da. Une oro, gorriak joan dira aurretik, baina tanto bat edo biko aldearekin soilik.

Lehen atsedenaldiaren ostean, baina, Ezkurdiak eta Rezustak tantoak bata bestearen atzetik egin dituzte, 16.a eskuratu eta finalerako txartela ziurtatu duten arte. Hortxe bukatu da azken finalaurrekoa.

Dena erabakita, tentsioa eta emozioa galdu ditu partidak, baina, hala ere, ikuskizuna ez da amaitu. Lau pilotariek maila altuan jokatzen jarraitu dute, eta tanto ederrak eta erremate bikainak egin dituzte, ikusleen gozamenerako.

Horrela, Lasok eta Iztuetak neurketa berdindu dute, markagailuan 17-17koa jarrita. Edonola ere, azken txanpan Ezkurdia eta Rezusta nagusitu dira, berriro ere, eta partida 22-19 bukatu da, gorrien alde.

Ezkurdia-Rezusta eta Artola-Mariezkurrena II bikoteen arteko final handia martxoaren 30ean jokatuko da, Nafarroa Arenan, Iruñean.

Albisteak (1)

Bideoak (1)