Itxi

Finala

Urrutikoetxearentzat txapela, azken urteetako finalik ikusgarrienean

Leire Etxazarra | eitb.eus

Zaratamoko pilotariak ezustekoa eman du Olaizola II.ari 22 eta 19 irabazita. Sekulako finala jokatu dute biek, eta historikoa, 38 urte igaro baitira bizkaitar batek txapela azkenengoz jantzi zuenetik.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Mikel Urrutikoetxeak ezusteko itzela eman du, 2015eko Buruz Buruko finalean Aimar Olaizolari 22 eta 19 gailenduta.

Aimarren aldeko final erraza aurreikusten zutenek huts egin dute, nabarmen gainera. Bizkaitarrak sekulako partida egin du, bikain aritu da, erasoan zein defentsan. Neurketa fisikoa izan da oso, eta bi pilotariek barruak hustu dituzte kantxa gainean. Azken urteetako finalik gogorrena jokatu dute, eta Bizkaia pilotalekuan bildutako zaleek gogoz disfrutatu dute.

Partidako lehen sakea Zaratamoko gazteari egitea suertatu zaio, eta ondo aprobetxatu du abantaila txiki hori, aurretik jarri baita markagailuan, baina alde nabarmenik egin gabe. Hori horrela, 5na eta 7na egin dute. Tantoak gogorrak izan dira, oso fisikoak, eta, zenbait unetan, ikusgarriak.

7nakoaren ostean hautsi du Urrutikoetxeak partida bere alde. 10 eta 1eko partzialari esker, 8 eta 17 jarri da aurretik. Txapelak bizkaitar kutsua hartu du orduan. Aimar ezinean zebilen, eta Urrutik erakustaldia eman du pilotari emanez.

Baina Aimar ez da amore ematen duen horietakoa, eta, gaur, dena kontra izanda ere (9 tantoz izan da atzetik), markagailua iraultzeko zorian egon da. Kemenak eta amorruak bultzatuta, 19ra berdintzea lortu du. Partida bizirik zegoen, oso bizirik, baina Urrutik heldutasun puntu ikaragarria erakutsi du, eta hurrengo hiru tantoak bizkaitarrak egin ditu: 22 eta 19. Garaipen handia, sekulakoa, lortu du Mikel Urutikoetxea gazteak.

Buruz Buruko txapela bizkaitar batek lortu du, 38 urteren ostean.

Partidako tanto guztiak

0-0, 0-1, 0-2, 0-3, 1-3, 2-3, 2-4, 2-5, 3-5, 4-5, 5-5, 6-5, 7-5, 7-6, 7-7, 7-8, 7-9, 8-9, 8-10, 8-11, 8-12, 8-13, 8-14, 8-15, 8-16, 8-17, 9-17, 9-18, 10-18, 10-19, 11-19, 12-19, 13-19, 14-19, 15-19, 16-19, 17-19, 18-19, 19-19, 19-20, 19-21 eta 19-22.

Albisteak (3)

Bideoak (2)