22-14
Urrutikoetxeak finalerako txartela lortu du, Ezkurdia menderatuta
A.B.
Mikel Urrutikoetxeak 22-14ko emaitzarekin irabazi dio Joseba Ezkurdiari Buruz Buruko Txapelketako finalerdietako partida, eta finala jokatuko du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Mikel Urrutikoetxeak Buruz Buruko Txapelketako finalerako txartela eskuratu du, finalerdietako partida Joseba Ezkurdiari irabazita, 22-14ko emaitzarekin. FInalean izango duen aurkaria, igandean jokatuko den Irribarria vs. Elezkano II.a partidatik irtengo da.
Lehen tantoa Urrutikoetxeak egin du (1-0). Jarraian, Ezkurdiak berdindu du neurketa (1-1), baina pilotari bizkaitarrak bi tantoko abantaila lortu du (3-1). Ezkurdiak azkar erantzun dio, partida berdinduz (3-3), ez baitzuen nahi aurkariak abantaila handirik hartzerik. Ondoren, beste berdinketa bat eman da (4-4).
Launako berdinketaren ostean, Urrutikoetxea izan da nagusi, eta Zaratamoko pilotariak hamar tantoko aldea lortu du (14-4). Bolada txarra izan du Joseba Ezkurdiak, baina pixkanaka jokoa hobetzen hasi da, Mikel Urrutikoetxearen huts pare bat baliatu ditu, eta, desabantaila murriztu du (15-10). Urrutik, ordea, lortu du aurkariaren bolada onari amaiera ematea (16-10), baina Ezkurdiak argi zuen ez zuela etsiko, eta lau puntura hurbildu da (16-12).
Estu iritsi da partida azken txanpara, baina Urrutikoetxeak bolada ona hartu du, eta zortzi tantoko abantaila lortu du (20-12). Ezkurdia egoera zailean egon da, baina aurkariaren bolada moztea lortu du, bi tanto jarraian eginda (20-14). Hala ere, azken txanpan nagusi izan da pilotari bizkaitarra, eta bi tanto segidan eginda, garaipenak ez dio ihes egin (22-14).
Partida, tantoz-tanto: 1-0, 1-1, 2-1, 3-1, 3-2,3-3, 4-3, 4-4, 5-4, 6-4, 7-4, 8-4, 9-4, 10-4, 11-4, 12-4, 13-4, 14-4, 14-5, 14-6, 14-7, 15-7, 15-8, 15-9, 15-10, 16-10, 16-11, 16-12, 17-12, 18-12, 19-12, 20-12, 20-13, 20-14, 21-14, eta 22-14.