Bizkaia pilotalekuan
Jaka vs Altuna III.a, Buruz Buruko txapelketa ezohikoenaren finala
Agentziak | Erredakzioa
Aurrekaririk gabeko finala da, elkar oso ondo ezagutzen duten bi pilotariren artekoa. Horrez gain, lagun handiak dira. Altunak bere bigarren txapela nahi du; Jakarentzat, berriz, lehen finala da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Erik Jaka eta Jokin Altuna eta gipuzkoarrek neurtuko dituzte indarrak, igandean, Bizkaia pilotalekuan jokatuko den Buruz Buruko txapelketako finalean. Ezohiko txapelketa izan da aurtengoa, inoiz baino hotzagoa; pandemiaren ondorioz, lau asteetan jokatu behar izan dute eta zalerik gabe, harmailak hutsik.
Finala zuzenean emango dute ETB1ek eta eitb.eusek.
Kirol arloari dagokionez, ezusteko ugari izan dira; pilotari gazteek ezohiko protagonismoa izan dute eta txapelketan aurrera egin dute betiko faboritoak kanporatuz.
Ezustekorik handiena Erik Jakarena izan da. 26 urteko lizartzarrak bide ikusgarria egin du finalera iritsi arte: lehen kanporaketan Joanes Bakaikoari gailendu zitzaion eta, ondoren, txapela irabazteko faboritoen artean zeuden Mikel Urrutikoetxea eta Danel Elezkano bizkaitarrak kanporatu ditu.
Profesionaletan debuta egin zuenetik zazpi urte pasa direnean, Jakak bere ibilbideko lehen finala jokatuko du, txapela irabazi eta historiako pilotari handienen artean sartzeko helburuarekin.
Altunak bigarren txapela nahi du
Aurrean, Jakak Jokin Altuna lagun handia izango du. Amezketarra da finala irabazteko faborito nagusia. Jaka baino gazteagoa izan arren, 24 urte ditu, Buruz Buruko txapelduna izandakoa da (2018an) eta Lau t’erdiko txapela ere jantzi du (beste hiru alditan txapeldunorde izan da). Beraz, igandekoa seigarren finala izango du.
Aurrelariak final-laurdenetan hasi zuen bere ibilbidea aurtengo Buruz Burukoan. Orduan Joseba Ezkurdia kanporatu zuen. Finalerdietan, aldiz, Dario Gomez errioxarrari gailendu zitzaion, baina ederki sufrituta. Hain zuzen, Dario izan da aurtengo edizio honetan, Jakarekin batera, txapelketako beste ezusteko nagusia.
Materiala
Ostegunean egindako material aukeraketan, Altuna III.ak 104,6 eta 104,7 gramoko bi pilota aukeratu zituen. Jakak, berriz, 104,8 eta 105,1 gramoko beste bi.
Finala ateak itxita jokatuko da, osasun agintarien irizpideei jarraituta. Aurretik, enpresen arteko binakako partida batek emango dio hasiera jaialdiari, 17:00etan: Irribarria-Rezusta eta Olaizola II.a-Urrutikoetxea bikoteen artekoa.