Itxi

3. eta 4. postuak

Rezusta izango litzateke Altunaren aurkaria finalean, Artola sendatzen ez bada

A. A. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bergarako atzelariak Zabaleta gainditu du Buruz Buruko Txapelketako hirugarren eta laugarren postuak zehazteko neurketan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Beñat Rezustak 8-22 irabazi dio Jose Javier Zabaletari Buruz Buruko Txapelketako hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidan eta, hartara, Bergarako atzelaria litzateke Jokin Altunaren aurkaria bi aste barru jokatzekoa den finalean, baldin eta Iñaki Artola beste finalistak dituen arazo fisikoetatik sendatzea lortuko ez balu.

Joan zen asteazkenean, Borja Oses lehiaketako epaile bakarrak finala astebetez, hilaren 20ra arte, atzeratzeko Baiko Pilotaren eskaera aintzat hartu zuen, Artolak eskuin sorbaldan giharretako lesio bat zuelako.

Horrenbestez, Alegiako aurrelaria arazo fisiko horretatik sendatzen ez bada, txapelketako araudiak aurreikusten du bigarren finalista hirugarren posturako partidaren irabazlea izatea, eta, hain zuzen ere, bertan Rezustak garaipen argia lortu du Zabaletaren aurka, Irungo Urantzu pilotalekuan jokatutako norgehiagokan.

Hasiera parekatuaren ondoren (4-4), Bergarako pilotaria nagusitu da bere sakea eta aurreko koadroetan erakutsitako jokaldi zorrotzagoak lagun izan dituela, eta partida erabakita utzi du 14-1eko partzial batekin.

Albisteak (3)

Bideoak (1)