Finala
Rezustaren ezustekoa ekidin eta bere bigarren txapela irabazi nahi du Jokin Altunak
L. E. A. | EITB MEDIA
Amezketako aurrelariak banakako zortzi final jokatu ditu azken bost urteetan. Bergarako pilotariak, berriz, Binakako bi txapela irabazi ditu, eta 2008. urtetik finalera iristen den lehen atzelaria da.
Jokin Altuna faborito da Beñat Rezustaren aurka jokatu duen 2021eko Buruz Buruko txapelketako finala irabazteko. Partida igandean jokatuko dute, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Rezustak Iñaki Artolak utzitako lekua beteko du.
Artolak asteazkenean iragarri zuen ez zuela finala jokatuko, eskuineko sorbaldaren atzeko aldean duen giharretako lesioa sendatzeko astirik izan ez duelako. Alegiako aurrelaria Rezustaren aurkako finalerdian lesionatu zen eta finala astebete atzeratzea eskatu zuen, sendatzeko denbora izango zuelakoan.
Ondorioz, Rezusta izango da bere ordezkoa finalean, Zabaletaren aurka hirugarren eta laugarren postuetara partida irabazi ostean. Banakako lehenengo finala izango da Bergarako atzelariarentzat, 2008tik Buruz Buruko finalera iritsi den lehen atzelaria da gipuzkoarra. Orduan Abel Barriolak jokatu zuen.
Rezustak Binakako bi txapela dauzka (2017koa eta 2019koa) eta ezustekoa ematen saiatuko da Altuna faborito nagusiaren aurka. Aurrelaria azken urteetako pilotari onenetarikoa da banakako txapelketetan (Buruz Burukoa eta Lau t'erdikoa).
Jokin Altunak, berriz, banakako zortzi final jokatu ditu azken bost urteetan; Buruz Buruko hiru eta Lau t'erdiko bost. 25 urte ditu, Rezustak baino hiru gutxiago, eta 2018 txapela irabazi zuen. Abenduan, 2020ko Buruz Burukoa galdu zuen, finalean, Erik Jakaren aurka.
Bi pilotariek finalerako materiala bereizi zuten ostegunean Bizkaia frontoian. Altunak 106,3 gramoko eta 105,6ko pilotak aukeratu zituen. Rezustak, berriz, arinagoak: 105,3koa eta 106,2koa.
Harmailak, hutsik
Finala ikuslerik gabe jokatuko da azkenean, ostiralean Jaurlaritzak iragarritako neurri berriek pilotalekuan 800 ikusle sartzeko aukera ematen duten arren.
Enpresen Ligak, baina, harmailak hutsik egoteko erabakia hartu zuen, iganderako denbora gutxi falta delako eta ezinezkoa delako denbora horretan sarreren salmenta eta beharrezko protokoloa antolatzea.