Final-laurdenetako ligaxka
Jokin Altunak larunbateko partida erabakigarria jokatzea erabaki du
EITB MEDIA
ETBk jakin ahal izan duenez, Amezketako aurrelariak ezin izan zuen igandean Ezkurdiaren aurkako neurketa jokatu eskuetan dituen arazoengatik. Larunbatean Zabaleta izango du aurkari, Atano III.a pilotalekuan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Jokin Altunak larunbat honetan Jose Javier Zabaletaren aurka jokatu behar duen neurketa jokatzea erabaki du. Buruz Buruko Txapelketako final-laurdenetako hirugarren eta azken jardunaldiko partida erabakigarria da bi pilotarientzat, irabazleak finalerdietarako txartela lortuko duelako.
Altunak entrenamendu saioa egin du ostegun honetako pilota aukeraketaren aurretik eta, ezker eskuak erantzun egin diola ikusita, Zabaletaren aurkako partida jokatzeko erabakia hartu du.
Egungo txapeldunak ezin izan zuen bigarren jardunaldiko norgehiagoka jokatu, eskuetan dituen arazoen ondorioz. Orduan, Joseba Ezkurdiarekin neurtu behar zituen indarrak, baina azkenean partida galdutzat eman zioten 0 eta 22, jokatzeari uko egin ostean.
Larunbateko lehian irabazle ateratzen denak Buruz Buruko finalerdiak jokatzeko aukera izango du.