Itxi

Labrit pilotalekua

Olaizolak sufritu, baina Julen Retegi gainditu du (22-15)

Erredakzioa

Retegi neurketaren lehen zatian nagusi izan da eta 12-6 aurrea hartu du markagailuan, baina bigarren zatian behera egin eta Goizuetako aurrelariak ez du barkatu.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Aimar Olaizolak Julen Retegi 22-15 mendean hartu du Iruñeko Labrit pilotalekuan. Horrela, Goizuetako aurrelariak Buruz Buruko Txapelketaren finalerdietarako txartela lortu du. Olaizolak asko sufritu du Retegi gainditzeko, norgehiagokaren lehen zatian batez ere.

Olaizolak Oinatz Bengoetxea izango du aurkari finalerdietan. Partida atzeratzera behartu zuen besoko lesioak mugatuta hasi du Olaizolak neurketa. Gainera, bere lehen partida zen txapelketan eta ohiko zalantzak zituen. Retegi Bik ederki aprobetxatu ditu zalantza horiek norgehiagokaren lehen zatian.

Aurrelari gazteak oso ondo jokatu du neurketako lehen zatia, bi eskuekin gozatuz, eta Goizuetako mutilak sufritu du partidan bizirik mantentzeko (12-6). Hala ere, Olaizolak sakea berreskuratu eta Retegik ez dio erritmoari eutsi.

Hortik aurrera Aimar jaun eta jabe izan da eta arerioaren beherakada aprobetxatu du neurketa irabazteko. Gainera, Retegik arazoak izan ditu eskuetan partidaren erdialdera, pilotariak berak norgehiagokaren amaieran aitortu duenez.


Albisteak (1)

Bideoak (1)