22-18 Idoateren aurka
Irujok finalerako txartela lortu du
Erredakzioa
Iberoko pilotariak 22-18 irabazi dio Mikel Idoateri Eibarko Astelena pilotalekuan jokatu den Buruz Buruko finalerdietako partida.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Juan Martinez de Irujok Buruz Buruko txapelketako finalerako txartela lortu du finelardietan Mikel Idoateri 22-18 irabazita. Ikuskizun polita eskaini dute bi pilotariek Eibarko Astelena pilotalekuan.
Idoatek hasiera bikaina eman zion partidari 0-6ko partziala lortuta, baina azkar etorri zen Irujoren erantzuna aldeak murriztuz (5-6). Iberokoak, parekatu egin zuen partida, baina Mikel Idoatek berera jarritu zuen eta berriro sei tantuko aldea lortu zuen (6-11).
Sendo zebilen Idoate, baina Irujok ez zuen behera egin eta 10-0eko partzialarekin markagailua irauli zuen (16-11). Azken partzial hau kolpe latza izan zen Idoaterentzat. Mikelek, ordea, erantzuteko indarrakl izan zituen eta tanto bakarrera gerturatu zen (17-16).
Irujok, bi tanto jarraian egin zituen eta 19-16ko aldeko emaitza eskuratu zuen. Bazirudien partida ia erabakita zegoela, baina Idoatek berriro erreakzionatu, eta markagailua asko estutu zuen (19-18).
Partidako azken txanpan, ordea, fisikoki behera egin zuen Mikel Idoatek eta Irujo zuzenean 22. tantora iritsi zen. Azken emaitza, 22-18 izan zen Irujoren alde eta Iberokoak finalerako txartela lortu zuen.
Buruz Buruko txapelketako bigarren finalista, Olaizola II-Bengoetxea VI partidako irabazlea izango da.