Ezkurdiari irbazita (12-22)
Jokin Altuna, Buruz Buruko Txapelketako lehen finalista
A. B. E. | EITB Media
Amezketako pilotariak irabazi egin dio Joseba Ezkurdiari 12-22ko emaitzarekin finalerdietako partida, eta finala jokatuko du Darioren eta Elordiren arteko neurketako garailearen kontra.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Jokin Altunak Buruz Buruko Txapelketako finalerako txartela eskuratu du larunbat honetan, maiatzaren 20an, finalerdietan Joseba Ezkurdia mendean hartuta 12-22ko emaitzarekin Iruñeko Labrit frontoian.
Bikain ekin dio lehiari Altuna III.ak, lau tanto jarraian eginda (0-4). Ondoren, Ezkurdiak aurkariaren bolada ona moztea lortu du, desabantaila bi tantora murriztuta (2-4).
Ezkurdiak segidan bereganatutako bi tantoen ostean, berriro nagusi izan da Jokin Altuna, eta Amezketakoak (Gipuzkoa) zortzi tantoko errenta eskuratu du (2-10). Partida oso maldan gora jarri zaio Joseba Ezkurdiari, baina Arbizukoak (Nafarroa) ez du etsi, eta aldeak txikitu ditu sakea berreskuratuta (5-10).
Momentu txar bat pasa du Altunak, eta bazirudien emaitza estutu egingo zela, baina gipuzkoarrak bere joko-maila berreskuratu eta agintzen hasi da beste behin (5-12).
Ordutik aurrera, jaun eta jabe izan da Altuna III.a; zuloa ireki du markagailuan amezketarrak (6-14), Ezkurdia ez da emaitza estutzeko gai izan eta garaipena bideratuta utzi du Gipuzkoakoak (7-17).
Azken txanpan, arriskatu egin du Joseba Ezkurdiak desabantaila murrizteko asmoz; hala ere, Altuna III.a ez da erlaxatu, maila onean jokatzen jarraitu du eta garaipenak ez dio ihes egin (12-22).