Jokin Altuna, finalera
Altunak jokatuko du Buruz Buruko finala Lasoren aurka, finalerdietan Artola menderatuta (22-10)
EITB Media
Jokin Altunak bereganatu du finalerako txartela, txapelketako bigarren finalerdian Iñaki Artola 22-10 garaituta. Amezketakoa nagusi izan da hasieratik amaierara arte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Jokin Altunak Buruz Buruko Txapelketako finala jokatuko du, Atano III.a pilotalekuan jokatutako finalerdian Iñaki Artola menderatuta, 22-10eko emaitzarekin. Horrela, bada, Altuna III.ak Unai Laso izango du aurkari ekainaren 2ko final handian.
Altunak ondo ekin dio norgehiagokari, lau tanto jarraian eginda (4-0). Sufritzen ibili da Artola, baina aurkariaren bolada ona moztea lortu du, tanto dotorea eginda (4-1). Hala ere, Alegiakoak ez du sakea baliatu, eta Amezketakoak bosgarrena egin du (5-1). Artolak ekinean jarraitu du, neurketa hasiera gogorra izan duen arren, eta 5-2koa markagailuan jartzea lortu du, baina Altunak gehiago asmatu du sakearekin zein tantoa amaitzerakoan, eta abantaila handitu du (10-2).
Neurketa oso maldan gora jarri zaio Artolari. Dena den, alegiarrak ekinean jarraitu du, aurkariaren tanto segida luzea moztu eta desabantaila murriztuta (10-6), lau tanto jarraian bereganatuta.
Jokin Altunari sufritzea egokitu zaio tarte horretan, baina amezketarra bost tantoko abantailarekin iritsi da lan erdietara (11-6).
Lehen atsedenaldi luzearen ostean, Jokin Altuna izan da nagusi. Amezketakoak zuloa ireki du markagailuan (17-7), hamar tantoko abantaila erdietsita. Bolada txarrean murgilduta egon arren, Iñaki Artolak ez du etsi, eta hiru tanto jarraian egin ditu (17-10). Alegiakoaren susperraldia, ordea, azkar eten du Altunak, eta amezketarra aldeko 18-10eko emaitzarekin heldu da bigarren atsedenaldi luzera.
Kantxara bueltan, Altuna III.ak ez dio aukerarik eman Artolari. Jokinek lau tanto segidan egin ditu, eta finalerako txartela eskuratu du (22-10).
Partida, tantoz tanto: 1-0, 2-0, 3-0, 4-0, 4-1, 5-1, 5-2, 6-2, 7-2, 8-2, 9-2, 10-2, 10-3. 10-4, 10-5, 10-6, 11-6, 12-6, 12-7, 13-7, 14-7, 15-7, 16-7, 17-7, 17-8, 17-9, 17-10, 18-10, 19-10, 20-10, 21-10, 22-10.