Buruz Burukoaren finala
Altuna III.a eta Laso nor baino nor gehiago izango dira igande honetan, Buruz Burukoaren final handian
G. PALACIOS AGIRRE | EITB MEDIA
Unai Lasok txapelketako partida guztiak alde handiarekin irabazi ditu, eta Jokin Altuna bera ere mendean hartu zuen. Bi pilotariak maila onean iritsi dira finalera, eta partida ikusgarria espero da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Jokin Altunak eta Unai Lasok igande honetan jokatuko dute Buruz Buruko Txapelketako final handia, Bilbon, Bizkaia Frontoian. Pilotari nafarrak 2022an bereganatu zuen bere lehendabiziko txapela, eta orain bigarrena nahi du. Altuna III.a, ostera, 2018ko eta 2021eko txapelketetan gailendu zen.
Laso bikain ibili da aurtengo txapelketan, eta nagusitasunez irabazi ditu partida guztiak, baita final-laurdenetako ligaxkan Amezketako pilotariaren aurka jokatu zuen neurketa ere (7-22). Horixe izan zen Altunak txapelketan galdu duen partida bakarra.
Horrenbestez, Lasok aitortu du "konfiantza handiarekin" iritsiko dela final handira, baina azpimarratu du partida "oso gogorra" izango dela. "Altunaren laugarren finala da jarraian, eta hori ez da kasualitatea", erantsi du.
Altunaren iritzian, aurtengo finalean faborito nagusia Laso da, "nik baino askoz joko hobea erakutsi duelako eta emaitza hobeak izan dituelako". Edonola ere, ziur da aukerak izango dituela, arreta bere jokoan jartzen badu eta "sake onak" eginez gero.
Banakako Txapelketako final handia zuzenean jarraitu ahalko da, 17:15etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus atarian. Euskadi Irratian eta Radio Euskadin ere kontatuko dituzte partidaren nondik norakoak.