(22-9)
Aimar Olaizola, 'kaiola'ko errege distirarik gabeko final batean
Erredakzioa
Goizuetako aurrelariak Bengoetxearen urduritasuna aprobetxatu du eta 13-0eko partziala sartu dio neurketa hasieran, finala ia erabakita utziz. Leitzako pilotaria markagailua apaintzen saiatu da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Aimar Olaizola Lau Terdiko Txapelketa irabazi du gaur Oinatz Bengoetxeari finalean aise irabazita (22-9), Gasteizko Ogueta pilotalekuan.
Bengoetxeak zortea lagun izan eta lehen sakea berak egin du, baina Leitzako pilotariak ez du aprobetxatu eta Olaizolak aurreneko tantoa egin du.
Sakea berreskuratu ostean goizuetarrak pilota aldatu du. Bengoetxeak ez ditu bi sake jarraian eraman eta Goizuetako aurrelariak markagailuan ihes egin du. Olaizolak sake errematean asmatu du.
Bengoetxeak ez du finalaren hasieran batere asmatu eta Olaizolak ez du barkatu (10-0). Leitzako pilotaria oso urduri eta lotuta azaldu da.
Zortzigarren tantoa lehiatuena izan da partida hasiera horretan, baina hori ere Goizuetako pilotariaren aldekoa izan da. Bengoetxearen botileroak bi atsedenaldi ia jarraian eskatu ditu sarraskia eten nahian. Aurreneko 12 tantoetan 43 pilotakada baino ez dira izan eta tantoen erdia sakez egin ditu Olaizolak.
Goizuetako aurrelariaren erakustaldia 13-1ekoan gelditu du Bengoetxeak. Leitzako pilotariak beste tanto bat egin du ondoren, baina Aimarren defentsa eraginkorrak berehala sakea berreskuratu du (14-2).
Pilotalekuko jarraitzaileak izoztuta geratu dira norgehiagokaren amaiera azkarra ikusita. Bengoetxea markagailua apaintzen saiatu da, baina Olaizolak aukera gutxi eman dizkio leitzarrari.
Finala tantoz tanto: 1-0; 2-0; 3-0; 4-0; 5-0; 6-0; 7-0; 8-0; 9-0; 10-0; 11-0; 12-0; 13-0; 13-1; 13-2; 14-2; 14-3; 14-4; 14-5; 15-5; 16-5; 16-6; 16-7; 17-7; 17-8; 18-8; 19-8; 20-8; 20-9; 21-9; 22-9.