Finalerako prest
Altuna III.ak eta Urrutikoetxeak entrenamendua egin dute Bizkaia frontoian
Erredakzioa
Azaroaren 19an jokatuko dute Lau t’erdiko Txapelketako finala eta astearte honetan lan-saioa egin dute bi pilotariek, finala jokatuko den pilotalekuan.
Jokin Altunak eta Mikel Urrutikoetxeak Lau t'erdiko Txapelketako finala jokatuko dute igande honetan, azaroaren 19an, Bilboko Bizkaia frontoian. Astearte honetan, bi pilotariek lan-saioa egin dute finala jokatuko den pilotalekuan.
Urrutikoetxea eta Altuna baikor daude finalari begira, baina biek argi daukate aurrean aurkari zaila izango dutela. Finalak ikusmin handia sortu du, eta horren erakusle da sarrerak agortu egin direla. Frontoia bete egingo da, 3.000 ikuslerekin.
Altunak Dariorekin egin du entrenamendua. "Entrenamendu gogorra egin dugu, lan-saioa luzea izan da, eta lan ona egin dugu. Ondo nago, eta igandea iristeko gogoekin", adierazi du Jokin Altunak.
Urrutikoetxeak, aldiz, Ibai Zabalarekin egin du lan-saioa. "Entrenamendu lasaia egin dut. Garrantzitsuena minik ez hartzea zen, eta hala izan da. Kantxarekin eta pilotarekin kontaktuan egotea da garrantzitsua, baita sentsazioak mantentzea", esan du Mikel Urrutikoetxeak.