Kargatzen...
Itxi

Gaur, 17:00etan

Altuna eta Ezkurdia, txapelaren bila

Erredakzioa

Leer en Castellano

Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak jokatuko dute Lau t'erdiko Txapelketako finala, gaur, Nafarroa Arenan. ETB1ek eta eitb.eus webguneak zuzenean eskainiko dute finala, 17:00etan.

Ezkurdia eta Altuna, finalerako material-aukeraketako egunean. Argazkia: EiTB

Lau t'erdiko Txapelketako finala gaur jokatuko da Nafarroa Arenan. Bertan, nor baino nor ibiliko dira Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia. ETB1ek eta eitb.eus webguneak zuzenean eskainiko dute finala, 17:00etan hasita.

Altuna da iazko txapelduna eta titulua berriz irabazten saiatuko da. Ezkurdiak, aldiz, oso maila ona eskaini du txapelketan eta 'kaiolako' lehen txapela lortu nahi du. Inoiz ez dira elkarren aurka aritu Lau t'erdiko Txapelketako final batean.

Jokin Altunak Ezkurdia jo du faboritotzat: "Ezkurdiak erakutsi du onena izan dela txapelketa honetan, eta niretzat faboritoa da. Berak esango du nik esperientzia handiagoa dudala finaletan, baina sasoiko egotea eta joko-maila ona ematea da garrantzitsuena pilotari batentzat, eta Ezkurdia maila handian dago".

Ezkurdiak, bestalde, ez du Altunak bezala pentsatzen: "Orain arte egin dudanak ez du ezertarako balio. Aurretik egindakoak konfiantza ematen dit, badakidalako une zailetan joko ona egiteko gai naizela, baina aurrean pilotari handi bat izango dut. 22 urte ditu, baina laugarrenez jokatuko du final bat, eta maila bikaineko pilotaria da. Ez badut ondo jokatzen, jipoitu egingo nau. Nire lana ondo egiten ez badut, ez daukat zereginik. Ez dut uste faboritoa nazenik".

Irailaren 29an estreinatu zen Nafarroa Arena pilotalekua Codere Masterseko finala hartuta, baina igandekoa pilotaleku honetan jokatzen den lehen final handia izango da. Harmailak beteta egongo dira, 3.000 ikuslerekin.




Albisteak (3)