Itxi

Zuzenean ETB-1 eta eitb.com-en

Olaizola II-Irujo: Heldu da 'kaiolako' final handia

ERREDAKZIOA

Goizueta eta Iberoko pilotariak indarrak neurtuko dituzte igande honetan Bizkaia Pilotalekuan. Neurketa zuzenean jarraitu dezakezu ETB-1 eta eitb.com-en. Gozatu ‘Lau t’erdi barruan’ dokumentalaz.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Juan Martinez de Irujok iaz irabazi zuen Lau t’erdiko txapela defendatuko du Aimar Olaizolaren kontra Bilboko Bizkaia Pilotalekuan. Olaizola II.a distantzia motzean maisuki aritzen da eta azken bederatzi edizioetako lau txapela erdietsi ditu.

Irujo kategoriako txapelduna da momentu honetan eta neurketako faboritoa apostuetan. Iberokoa sasoiko dago fisikoki eta mentalki. Olaizola II.ak aldiz, atzamarra hautsi zuen orain aste batzuk eta hatz babesle batekin jokatu beharko du finala.

Joan den ostegunean finalistek material hautaketa egin zuten. Juan Martinez de Irujok 105,6 eta 105,3 gramoko pilotak aukeratu zituen eta Olaizola II.ak 104,8 eta 105,4 gramoko pilotak.

Bizkaia Pilotalekuak erabat beteko ditu 3.000 eserlekuak. Izan ere, biek esku pilotako 17 txapela batzen dituzte orotara eta zaletuen pilotaririk laudatuenak dira.

Aurrekariak

Juan Martinez de Irujo eta Aimar Olaizola orain dela hiru urte neurtu zituzten euren indarrak lau t'erdiko final batean. 2008ko final hartan Aimar Olaizola atera zen garaile 22-17ko emaitzarekin.

Aimar Olaizola lau finaletara heldu da eta laurak irabazi ditu. 2002. urtean heldu zen finalera aurrenekoz eta Barriolaren aurka txapela eskuratu zuen (22-13). Hiru urte geroago finala errepikatu egin zen eta emaitza Olaizolaren aldekoa izan zen berriro ere (22-8). Hurrengo urtean Xalaren aurka aritu zen eta txapela aise erdietsi zuen (22-5). Hiru urte geroago Olaizola eta Irujo iritsi ziren finalera eta, berriro ere, Goizuetakoa atera zen garaile (22-17).

Juan Martinez de Irujo, ostera, lau t'erdiko lau finaletara heldu da eta bi txapela lortu ditu. 2006. urtean ailegatu zen finalera lehenengo aldiz eta Barriola azken tantoan menderatu zuen (22-21). 2008. urtetik aurrera 'kaiolako' final guztietan egon da. Olaizola eta Gonzalezen aurka ezin izan zuen txapela eskuratu. Iaz, aldiz, Barriola menderatu zuen (22-17).

Lau t’erdiko azken hamar finalak:

Urtea Txapelduna – Txapeldunordea
2001 Barriola - Eugi (22-10)
2002 Olaizola II - Barriola (22-13)
2003 Nagore - Titín III (22-15)
2004 Olaizola - II Barriola (22-08)
2005 Olaizola II - Xala (22-05)
2006 Martínez de Irujo - Barriola (22-21)
2007 Titín III - Barriola (22-15)
2008 Olaizola II - Martínez de Irujo (22-17)
2009 González - Martínez de Irujo (22-18)
2010 Martínez de Irujo - Barriola (22-17)

Bideoak (1)