Itxi

FINALERDIA

Unai Laso, Lau t’erdiko finalera (22-8)

A. A. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bizkarretako pilotariak Peio Etxeberria gainditu du (22-8), eta distantzia horretako lehen finala jokatuko du Jokin Altunaren edo Joseba Ezkurdiaren aurka.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Unai Laso da 2021eko Lau t'erdiko Txapelketako lehendabiziko finalista. Bizkarretako aurrelariak 22-8 irabazi dio Peio Etxeberriari, Labriten jokatu den finalerdian.

Bi nafar gazte aurrez aurre jarri dituen neurketako lehen sakea Baikoko kideari egokitu zaio, baina Aspekoarentzat izan da lehiako lehen tantoa, baita bigarrena ere. Neurketa izugarrizko erritmoarekin hasi dute biek, merituko handiko pilotakada indartsuekin. Lasok ez du asko iraun bere lehendabizikoa egiteko (1-2), baina ondoren, ez du bere sakea baliatu markagailua orekatzen saiatzeko. Kontrakoa gertatu da, hain justu ere, motz geratu baitzaio lehen jokaldia.

Akats horrek are konfiantza gehiago eman dio ordura arte primeran ari zen Etxeberriari, eta beste bi tanto kateatu ditu (1-5), Lasok etenaldia eskatu duen arte.

Atsedenaldi horrek mesede izugarria egin dio Bizkarretakoari, eta zeukan egoera zailari buelta emateko gai izan da, 11 tantoko takada eginez. Hala, aldrebes itxuran hasi duen norgehiagoka goitik-behera irauli du, eta aurretik jarri da nagusitasunez (12-5), Peio Etxeberriaren beherakada fisikoa profitatuta.

Zenotzekoa ezinean aritu da bolada horretan. Saiatzen zen aurrera egiten Lasoren sakeetan, baina eraginkortasunik gabe. Ondoren, piloteoan, Baikokoa nagusitzen zen behin eta berriro.

Hamabigarren tantoarekin batera datorren 3 minutuko atsedenaldiak ez dio albiste onik ekarri Etxeberriari, Lasok markagailuko zuloa areagotzen jarraitu baitu, nahiz eta, bidean, Aspekoak tanto bat erdietsi (17-6). Markagailuak 11 tantoko aldea islatzeraino iritsi da.

Jarraian, pasa egin du Lasok bere sakearekin, eta Peiok bi tantorekin emaitza zertxobait txukundu du (17-8), baina ezin izan du askoz urrutiago joan, Lasok bere sendotasuna erakusten jarraitu baitu 22ra iritsi arte.

Horrenbestez, azaroaren 14an, Bilboko Bizkaia Frontoian lehiatuko den finalean izango da Unai Laso, eta bigarren finalerdian arituko diren Jokin Altuna edota Joseba Ezkurdia izango du bertan aurkari.

Markagailua, tantoz tanto: 0-1, 0-2, 1-2, 1-3, 1-4, 1-5, 2-5, 3-5, 4-5, 5-5, 6-5, 7-5, 8-5, 9-5, 10-5, 11-5, 12-5, 13-5, 13-6, 14-6, 15-6, 16-6, 17-6, 17-7, 17-8, 18-8, 19-8, 20-8, 21-8, 22-8.

Albisteak (1)

Bideoak (4)