Itxi

Ostiralean hasiko da

Hamabi pilotari arituko dira ostiraletik 2023ko Lau t’erdikoan, Ezkurdiaren hurrengoa izateko

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Joseba Ezkurdia (egungo txapelduna), Jokin Altuna, Aitor Elordi, Peio Etxeberria, Iker Salaberria eta Danel Elezkano izango ditu Aspek txapelketan; Erik Jaka, Mikel Urrutikoetxea, Iñaki Artola, Jon Ander Peña, Iker Larrazabal eta Asier Agirre izango dira Baikoko ordezkariak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Hamabi pilotari, Aspeko sei eta Baikoko beste sei, lehiatuko dira ostiraletik, urriaren 6tik, 2023ko Lau t'erdiko Eusko Label Txapelketan, 2022an Joseba Ezkurdiak lortutakoa errepikatu nahirik. Asteartean aurkeztu duten Lau t'erdikoan, Arbizuko aurrelariaz gain, Jokin Altuna, Aitor Elordi, Peio Etxeberria, Iker Salaberria eta Danel Elezkano jarriko ditu jokoan Aspek; Baikok, bere aldetik, Erik Jaka, Mikel Urrutikoetxea, Iñaki Artola, Jon Ander Peña, Iker Larrazabal eta Asier Agirre izango ditu ordezkari. Finala azaroaren 19an jokatuko dute, Bilbon, Bizkaia Fontoian.

Hain zuzen ere, Danel Elezkanok eta Asier Agirrek erdietsi dituzte txapelketarako azken bi txartelak; biek ala biek asteburuan lortu dute hori, jokatu dituzten atarikoak irabazita. Elezkano II.ak Dario menderatu du, 22-15, eta Agirrek, ordea, Iraitz Zubizarreta kanporatu du, 22-16 gailenduta.

Hala, Elezkano eta Agirre ere sartu dira hamabi pilotari horien artean, eta historiako berrogeigarren Lau t'erdikoan parte hartuko dute. Txapelketa ostiralean hasiko da; egun horretan, final-zortzirenetako aurreneko kanporaketa jokatuko dute, Agoitzen, Artolak eta Agirrek. Final-zortzirenetan, guztira, lau kanporaketa jokatuko dituzte, eta lau pilotarik lortuko dute tokia final-laurdenetako ligaxkarako; bertan, beste lau pilotarekin batera arituko dira, bermatuta baitute ligaxkarako txartela.

FINAL-ZORTZIRENETAKO KANPORAKETAK

Artola-Agirre (Agoitzen, urriaren 6an, ostiralez, 21:15ean)

Jaka-Larrazabal (Laudion, urriaren 7an, larunbatez, 17:15ean)

Urrutikoetxea-Salaberria (Tolosan, urriaren 8an, igandez, 17:00etan)

Elezkano II.a-Peña II.a (Tolosan, urriaren 8an, igandez, jaialdia 17:00etan hastekoa da)

Final-laurdenetan, ligaxkan, parte-hartzaileak bi multzotan banatu dituzte, A eta B, eta multzo bakoitzeko bi pilotari sailkatuko dira finalaurrekoetara, multzo bakoitzeko aurreneko biek.

FINAL-LAURDENETAKO LIGAXKAREN MULTZOAK

A MULTZOA

Ezkurdia

Peio Etxeberria

Urrutikoetxea/Salaberria

Jaka/Larrazabal

B MULTZOA

Altuna III.a

Elordi

Artola/Agirre

Elezkano II.a/Peña II.a

Finalerdietan, A multzoko lehenengoa B multzoko bigarrenarekin arituko da nor baino nor gehiago, eta A multzoko bigarrenak, aldiz, B multzoko aurrenekoaren kontra jokatuko du. Neurketak azaroaren 4an eta 5ean izango dira.

Finalaurrekoetako galtzaileek hirugarren posturako partidan jokatuko dute, azaroaren 12an, eta bi garaileek 2023ko Lau t'erdiko txapelketaren final handia jokatuko dute, azaroaren 19an, Bizkaia Frontoian, Bilbon.

Albisteak (2)

Bideoak (1)