Sendatuta
Iñaki Artola Lau t'erdiko Txapelketan izango da, giharretako lesioa gainditu baitu
EITB MEDIA
Alegiako aurrelariak ostiral honetan frontoian proba egin ostean erabaki du jokatzeko moduan dagoela. Urriaren 13an jantziko ditu praka zuriak Joseba Ezkurdiaren kontrako partidan.
Alegiako aurrelariak irailaren 27an hartu zuen min, Adarraga pilotalekuan (Logroño), Salaverri II.arekin batera Zabala-Zabaleta bikotearen aurka partida jokatzen ari zela, San Mateo Torneoaren barruan.
Fisioterapia tratamendua jasotzen egon da Artola ordutik, eta ostegunean fisioterapeutaren oniritzia jaso ondoren, ostiralean ordubete inguruko lan-saioa egin du frontoian, eta jokatzeko moduan dagoela erabaki du.
Ondorioz, Alegiakoa Joseba Ezkurdiaren kontra arituko da igandean, Lekunberrin, Lau t'erdiko Txapelketako final-zortzirenetarako kanporaketan.