Itxi

Igandean, 17:00etan

Laso eta Etxeberria, aurrez aurre Lau T'erdiko lehen txapelaren bila

I. G. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Final bana jokatu dute aurretik txapelketa honetan (Lasok 2021ean eta Etxeberriak iaz), eta borrero bera izan zuten biek: Jokin Altuna (9 urtean lehen aldiz ez da finalean izango).

Unai Laso eta Peio Etxeberria. Irudia: EITB Media.

Unai Lasok eta Peio Etxeberriak Lau t'erdiko Txapelketako final handia jokatuko dute igande honetan, azaroaren 24an. Nafarren arteko lehia estua izango da, helburu bera dutela: Lau t'erdiko lehen txapela poltsikoratzea. Partida zuzenean ikusi ahalko da eitb.eus-en eta ETB1en.

Aurretik, txapelketako final bana jokatu dute (Lasok 2021ean eta Etxeberriak iaz), eta borrero bera izan zuten biek: Jokin Altuna. Amezketarrak Lasoren aurka galdu zuen finalerdietan, eta 9 urtean lehen aldiz ez da txapelketako finalean izango.

Bai Lasok eta bai Etxeberriak antzeko ibilbidea izan dute txapelketan zehar. Biei B multzoan lehiatzea egokitu zitzaien, eta jokatutako hiru partidetako bi irabazi zituzten. Hala, lehen bi postuetan sailkatu ziren finalerdietara. Bertan, Etxeberriak Jaka menderatu zuen, Iruñean erakustaldia emanda, eta Lasok oso partida gogorra jokatu behar izan zuen Altuna txapelketatik kanpo uzteko.

Urrian aritu ziren bi pilotariak azkenekoz elkarren aurka, ligaxkako bigarren jardunaldian. Etxeberria nagusitu zen bertan, 3 tantoko aldearekin. Oraingoan, baina, baliteke gauza bera ez gertatzea.

Bizkaia frontoian ikusiko da nork hartuko duen Altunaren lekukoa Lau t'erdiko Txapelketako txapela jantzita.

Albisteak (2)

Bideoak (2)