Lau t'erdiko finalerdia
Aimar Olaizolak finalerako txartela lortu du, Irujo gaindituta (22-18)
Erredakzioa
2011ko Lau t'erdiko txapeldunak titulua mantentzeko aukera izango du Oinatz Bengoetxearen aurka, finalerdian Martinez de Irujoren kontra garaipena lortu ondoren.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Olaizola II.ak Oinatz Bengoetxearen aurka jokatuko du 2012ko Lau t'erdiko finala, finalerdian Martinez de Irujo 22-18 gainditu ostean. Nafarrek norgehiagoka ikusgarria jokatu dute Miribillan, baina Aimar Olaizolak Irujok baino freskotasun gehiago erakutsi du, eta finalerdia Goizuetakoak irabazi du.
Aimar Olaizolak partida konfiantzarekin hasi du, eta Asegarcekoak markagailuan 2-0ekoa azkar jarri du. Hala ere, Juan Martinez de Irujoren erantzuna bikaina izan da, eta Iberoko aurrelariak markagailua iraultzea lortu du (2-3). Neurketak pixkanaka intentsitatean irabazi du, eta Irujo markagailuan goitik mantendu da (3-6).
Goizuetako pilotaria Martinez de Irujoren bultzada mozten saiatu da, baina Aspekoa eroso egon da Bizkaia pilotalekuko kantxan, eta sei tantoko aldea eskuratu du (6-12). Aimar Olaizola deseroso egon da norgehiagokako aurreneko zatian, baina 5-0eko partzial garrantzitsuarekin markagailuan 11-12koa jarri du.
Martinez de Irujok ez dio Olaizolari berdinketaren tantoa lortzen utzi, eta Iberokoak markagailuko aldea handitu egin du (11-14). Hala ere, Goizuetarrak partidan kontzentraturik jarraitu du, eta markagailua iraultzea lortu du (15-14).
Azkenengo tantoetan partida parekatuta egon da, baina Aimar Olaizolak Irujo baino freskotasun gehiago erakutsi du. 17-16koaren ostean Asegarceko aurrelariak kantxan aise agindu du, eta Martinez de Irujo ezinean aritu da. Azkenean, garaipena Olaizola II.ak eskuratu du (22-18), eta final handia Oinatz Bengoetxearen aurka jokatuko du.