Lesioa
Erkiagak ezingo du Urrezko Xistera finala jokatu, min hartuta dabil eta; Olharanek ordezkatuko du
EITB MEDIA
Puntista bizkaitarrak min hartu zuen sorbaldan, asteartean Donibane Lohizunen jokatutako Nazioarteko finalerdian. Hori dela eta, Jean Olharan kantxaratuko da haren ordez, Iparraldeko Masterretan lortutako puntuengatik.
Aritz Erkiaga, Nazioarteko finalerdian
Aritz Erkiagak ez du asteazken honetan Biarrizko Urrezko Xisteraren 2025eko final handia jokatuko, sorbaldan min hartu zuelako asteartean Donibane Lohizunen, Nazioartekoen finalerdian, Olharan eta Gorkaren kontrako lehian. Bigarren jokoan hartu zuen min, sake bat ateratzerakoan, eta partida utzi behar izan zuen. Bonnin gazteak ordezkatu zuen.
Gaurko finalerako ez da prest egongo, eta, hortaz, Jean Olharan kantxaratuko da Lekerikarekin, Iparraldeko Masterrean lortutako puntuaziogatik. Aurrean, Johan eta Gorka izango dituzte. Norgehiagoka EITB Median ikusi ahal izango da, 23:00etatik aurrera; streaming bidez, eitb.eus-en, eta telebistaz, ETB1en.
Erkiagari ekografia egin diote, asteazkenean bertan. Baztertu egin dute lesio larririk izatea. Ispasterrekoari minak sakea egite galarazten dio; agindu diote ariketa batzuk egitea, ostiralera bitartean, eta azken egun horretan beste proba bat egingo diote. Orduan erabakiko du larunbatean Lekeition jokatuko duen ala ez; hori bai, ostiralean, Pauen, ez da izango.